AURKEZPENA

Aurkezpena

Hizkuntza lotura lez, kohesino lez, identidade kultural goren lez erabili behar da. Pribilegiaduak gara, euskerea hizkuntza bizi, osasuntsu eta aberatsa dalako, eta gu horren parte garalako. Euskereak aurrera segiduteko moduko indarra dauka, oztopo eta inposizino asko jasan dauzen arren. Arratian, Euskal Herriko ingururik politenetakoa eta naturaren aldetik aberastasun handiena dauen lekuetako bat izateaz gain, arratieraz berba egiten dogu. Eta, zalantza barik, gure hizkuntza, Arratiako gure euskerea, bertako esamolde, berba eta ahoskerakaz, bertako erregistro ugariakaz, haran eta mendi honeetan gordetako ahozko tradizinoaren oinordeko fidela, behar dan moduan estimau eta balorau behar dogun altxorra da.

Hori dala-ta, Angel Larreak eta Juan Rekaldek egin daben lan itzelak garrantzi eta itzal handia dauka guretzat guztiontzat. Hain zuzen be, hamarkada bateko lana hizkuntza ikertzen, datuak batzen eta balidazinoa egiten. Eurek baino ez dakie zenbat ordu sartu dabezan lan honetan. Eta, bigarren edizino honegaz, saria jaso dabe. Zelako poza emoten dauen hiztegi baten aleak agortu egin dirala ikusteak. Zelako harrotasuna! Ez deutsagu garrantzirik emoten geureari, eskura daukagunari, aurrekoengandik jaso dogunari, eta eurek be, belaunaldiz belaunaldi, euren arbasoengandik jaso ebenari.

Horixe pasetan da hizkuntzagaz, adierazoteko eta komuniketako dogun moduagaz, persona lez eta herri lez definiduten gaituen bitartekoagaz. Hizkuntzak, formea hartzen dauen hizkereak, duintasuna lortzen dau eta bere burua aldarrikatzen dau. Arratiako Udalen Mankomunitateko alkate guzti-guztiak harro gagoz hiztegi honi lagundu deutsagulako eta bertan kolaborau dogulako. Euskereak batu egiten gaitu. Beste gauza askok be bai, baina ezer be ez da gure gurasoen hizkuntza baizen sakona. Angelek eta Juantxuk sano lan zehatz eta arretatsua egin dabe, eta ikusita ze arin agortu dan lehenengo edizinoa eta zelako arrakasta lortu dauen, Arratiagaz, arratiarrakaz eta arratiereagaz harro egoteko moduko arrazoi bat geihago daukagu.

Bilaketa

Bilatu