HELBURUAK

Hiztegi edo berbategi honen helburu orokorra da Arratian esan eta idatzi diran berbak batzea. Arratiako idatzizko zein ahozko edozein testutan, hau da kanta, bertso, kopla zahar edo grabaketa barriagoetan agertu leitekezan berbentzako gordeleku eta argibidea izan gura dau hiztegi honek. Aitaturikoez ganera, honako helburu zehatzagook be baditu:

1- Ondarea batu: Altxor etnografikoaren garrantzia

Gaur gure baserri eta kaleetako hiztun zaharrengan hondino bizirik dagozan berbak batu eta ahal dala promozionatu, biztu edo bizibarritu, gura doguz. Baserritarrak nekazari-kulturaren aldaketearen lekukoak dira eta arlo horretako altxorra itzel-itzela da. Mundu hori batzeko asmoz arakatu doguz Arratiako herrietako hiztun zahar askoren etxeak, barriketaldi grabatuak eginez. Zer esanik ez, aurreko ikerlariek inguru honetako etnografiaz batutakoa be arakatu dogu idatzizko bibliografiaren bidez.

Arratia moduko eskualde baten, arlo etnografikoak garrantzi oso handia hartzen dau. Baserritik hasita, baserria bera, etxearen barrua zein kanpoaldea, baserriko beharrak (soloan, kortan, auzoan...), bertako animaliak... Eredu tradizionalean oinarrituriko nekazaritza eta abereen mundua da lan honen oinarrietako bat. Beste bat, gizarte eredu horren inguruko beharrak eta ofizioak. Hor dagoz basogintza (ikazgintza eta karobietako beharra, esaterako), pastoreen artzaintza, errotak eta errotariak...

Naturaren arloa be erreferentzia bat da behar honetan, lehenagokoen ezagutza oso aberatsa zan-eta gaurkoen aldean. Botanikan, landareak, bedar eta lora mota ezbardinak; mikologian, zizak...; zoologian, basoko hainbat animalia eta hegazti; eguraldia, metereologiagaz lotuta dagozan fenomenoak... Arlo horreetan gure zaharren memorian gordeta egon diran hainbat berba berreskuratu da.

Beste alde batetik, Arratiako biztanleen ohiturak, joko edo olgetak, jai eta ospakizunek mentalidade bat erakusten deuskue. Hau da, mundua ulertzeko modu bat. Eta ez dogu ahaztu behar, mendi inguruko komunidade horretan, hain zuzen be, erlijino kristinauak izan dauen eragin sakon-sakona.

Esandako moduan, ahozko eta idatzizko iturrietatik edan dogu, baina ezin dogu ahaztu toponimia arloa, ze leku-izenen azterketa laguntza ezinbestekoa izan da arlo etnografiko hau aberastuteko. Hor dagoz toponimo handiak eta txikiak, oikonimoak edo etxe-baserrien izenak, eta euron ondoan landare eta arbolen izenak, eta antroponimoak edo pertsonen izenak.

Arratiarren ethos hori ezagutzeko, kanta (kantuzale, bertsolari eta herriko musikea  -albokariak-) eta koplaren mundura be hurreratu gara. Benetan, altxor pare bakoa izan da guretzat hau, ze bertan hainbat berba, ezizen eta izen zahar edo arkaiko jaso ahal izan dogu. Azpimarratu beharra dago baita, argazkilaritzak jokatu dauen papera herrietako parajeak, pertsonen itxurea eta jantziak, janariak, zeremoniak, familiak... ezagutzeko orduan. 

Gure aitite-amamakaz batera joango jaku lehenagoko pentsamendu oso bat: ipuinak, kontuak, pasadizoak eta magiaz beteriko legendak eta mitoak. Guk eurakana jo dogu eta euren bidez aukerea euki dogu, besteak beste, galtzeko arriskuan egon diran pertsonaia mitikoen kontakizunen barri jakiteko. Kasurako, "Txilibistro", Aramotz inguruko erraldoia; "Hartza", Baltzola koban ebilen indartsua; "Jakoba", Zeberioko sorgin antzekoaren kondairak... Orain arte kasu askotan ezezagunak izan diran mitoak herri mailan, familia bakan batzuetan izan ezik eta, jakina, inon argitaratu barik izan diran mitoak.

Askotan pentsau dogu, euskal kulturak -euskerea bitartekari legez- iraganean emon dituanak jasota dagozala. Azkuek, Aita Barandiaranek, M. Lekuonak... jaso ebela gure aurrekoen jakituria osoa. Eta hori ez da egia. Hori bai, lan mardula eta exhaustiboa dago egiteko, eta egin beharko da, argitaratuta ez dagoan jakintza hori plazaratzeko. Guk, hiztegi honegaz egiten dogun ekarpena seinale bat baino ez da zera esateko: badagoala hondinokarren zer ikertu etnografiaren esparruan.

2- Gaurko errealidadea erakutsi: Gazteen eta umeen berbetea jagon

Baina zaharren munduaz aparte, gaur eguneko berbakereari be garrantzitsu deritxogu. Horrexegaitik, sarrera bakotxaren ondotxoan, idatzizko aldakiez gain, gaur egungo ahoskerea jarri dogu. Ze, Arratiako hiztegi honen helburuetako bat, gaur egiten dan ahoskerearen barri emotea be bada. Ahoskerak bat baino gehiago dira, jakina, baina ezinezkoa gertatzen da danak jasotzea. Berba bakotxaren zortzi herrietako ahoskerak batu behar bagenduz, beharra itzelean hazi eta biderkatuko litzateke. Horregaitik ideia hori baztertuta, zera erabagi gendun: eskualdeko herri bateko ahoskerea aukeratzea, Zeanurin egiten dana, hain zuzen be.

Berbategi hau Arratia Institutuan jaio zan, eta ondorioz, hazi be gazteen artean egin zanez, gazteon berbakerearen ezaugarriak batu, erakutsi eta promozionatzeko helburua be izan dau. Hari honetatik, ezin dogu ahaztu umeen garrantzia hizkuntzaren normalizazinoaren kontuan. Horregaitik hain zuzen, umeen hizkuntza, euren lexiko espezifikoa be jaso egin da. Arlo horretan, Lemoako "J. B. Eguskiza Meabe" herri-eskolearen laguntzea eskertu beharra dago.

3- Arratiar idazleen idatzizko tradizinoa erakutsi

Arratiako idazleen tradizinoa be kontuan hartu beharrekoa da. Eurak hasitako bideari jarraipena emoteko, euren ondarea batu behar zan. Behar hori egin zan lehenengo, eta horren frutu dira argitaratutako behar bi:

  • Esparza & A.Larrea:Arratiako euskal idazle aitzindariak 2004
  • G. Aurrekoetxea, I. Esparza & A. Larrea (zuz): Arratiako euskal idazle aitzindarien antologia, 2005

Lanotako ia 30 idazleen testuak irakurri ostean, bertako lexiko berezia sartu egin dogu berbategi honetan. Aitaturiko bi liburu horreen irakurleak hemen izango dau tresna lagungarria hango zalantzak argitzeko orduan. Bistan danez, Mendebaldeko idatzizko tradizinoari begira, K. Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia bilduman edo Labayru Hiztegian aztertu diran bost arratiar idazle klasikoen aldean (Añibarro, Eguzkitza, Ibargutxi, Akesolo eta B. Larrakoetxea), aurrerapen handia da honako hau, lehen esan dogunez, Arratiako ia hogeita hamar idazle baino gehiago aztertzen diralako.

4- Normalizatu eta promozionatu

Gaurko erronkarik handiena normalizazinoa dogu, zalantza barik. Horixe da lortu beharko geunkena: aurkitutako balioak gizarteratu Eta ganera, inolako bazterketarik bultzatu barik. Halanda be, historikoki izan da bai bazterketarik! Esate baterako, 'arrazakeria' kontuaren inguruan, baztertuenganako izandako krudeltasuna hizkuntzak islatu egiten dau, eta saiatu arren, ezinezkoa da hori izkutatzea. Bardin gertatzen da sexu arloagaz be. Ahalegindu egin gara sexistak ez izaten, baina, gizarte tradizionalaren balio kulturaletako ezaugarria danez, ezinezkoa gertazen jaku sare horretatik ihes egitea. Damuz baina, irakurleak jakin beharko dau ikuspuntu hau bere testuinguruan kokatzen.

Etxeko euskerea, bertokoa, baloratu behar dogu. Eta berau erakustea da biderik onena hiztunak berreskuratu dagian galdu bide daroan hizkuntz harrotasuna. Askotan ikusiak gara eskoletan guraso euskaldunak, euskaldun-zaharrak, maisu/maestreari berbetan hasi eta 'erderaz, mesedez' esaten. Hutsuneok gainditzeko helburua be badauka hiztegi honek. Hauxe da hain zuzen "Arratia inguruko Hiztegia"ren hizkuntza eredua aukeratzeko orduan Bizkaiera aukeratu izanaren zergaitia. Euskara batua urrinegi gertatzen jako euskaldun zaharrari, batez be alfabetatu barik dagoan euskaldun zaharrari. Hori dala-ta, gure inguruko jente gehienengana heltzeko asmoz Bizkai euskerea erabiltearen posturea egin genduan, Labayru Ikastegiak proposatzen dauen bidetik (ik. Sarrera atala eta Corpusean zehar emoten diran azalpenak).

Normalizazinorantzako ibilbide honetan bide bat baino gehiago aukeratu da:

  • Irudiak lagunduta promozionatu berbetea. Arratiako eskoletan bertoko berbak promozionatu dira horma-irudiak eginez, jokoen bidez...
  • Hiztegi honetako argazkien bidez be, galbidean dagozan hainbat berbaren promozinoa egin gura da. 'Santuak' begituz, irudiak begiratzeari lehenago esaten jakonez, berbak zabaldu gura dira.
  • Ikasgeletako apaletan, beste hiztegien ondo-ondoan, eurakaz batera jarri gura da bertoko hiztegi hau.
  • Zertu Kultura Elkartearen laguntzagaz, Arratiako etxe gehienetan kokatu gura da behar hau. Hantxe jaio eta hazi danak barriro jaiolekurako bidaia burutuko dau.
  • WEB-orria: Oso erabilgarria gertatzen da langintza honetan formatu elektronikoa. Tresna informatiko honi esker berbak berehala topetan dira, doanekoa da, eguneratzea errez-erreza da eta ez dau ahalegin erraldoirik eskatzen. Horrezaz gain, eskola eta eskualdeko mugetatik harago joateko balio deusku. Euskal Herri zein kanpotik be edozeinek egin leike kontsultea, eta aportazinorik baleuko geureberbategie@euskalnet.net helbide elektronikora bialdu. Bizi-bizia dan proiektua askoz biziagoa egingo da hondinokarren webguneari esker.

Bilaketa

Bilatu