Herriko Argiak Mantentzeko eta Egokitzeko Zerbitzua

Zerbitzu hau Arratiako Udalen Mankomunitateko uztailaren 1eko estatutuen 3. artikuluan agertzen direnetako bat da, Mankomunitateko udalek derrigorrez bere gain hartu beharrekoa.

Salbuetsita dago Ubideko udala, Arratiako Udalen Mankomunitateko Osoko Bilkurak 1990ko irailaren 13an erabakitakoa betez.

Ondorioz, eta Arratiako Udalen Mankomunitateko uztailaren 1eko estatutuetan ezarritakoari jarraiki, Bedia, Lemoa, Igorre, Dima, Arantzazu, Artea, Areatza eta Zeanuriko udalek eskumen osoak Arratiako Udalen Mankomunitatearen esku utzi dituzte Herri Argiztapena Mantentzeko eta Egokitzeko Zerbitzuari dagokionez.

1984. urtean, eta Arratiako zenbait udalek proposatuta, Mankomunitatean herri argiztapena mantentzeko zerbitzu berria sortzeko beharra zegoela erabaki zen.

Hori dela eta, zerbitzuaren kostuak eta plangintza aztertu ondoren, Volvo F4 kamioi garabi bat erosteko erabakia hartu zen.

Kamioia erostearekin batera, argiketari bat kontratatu zen, eta bere kardu jarri zituzten bai kamioi garabia baita herri argiztapena mantentzeko ardura ere.

Zerbitzu honetarako kontratatu zuten langilearen eginkizun nagusia Mankomunitateko udalerri guztietako herri argiteria mantentzea zen.

Bestalde, zerbitzu honetako langileen eginkizunak areagotzen joan ziren; izan ere, gizarte ekitaldietan instalazio elektrikoak jartzeko ardura ere bazuten, hala nola, herriko eta auzoetako jaietan, kontzertuetan, antzerki-lanetan, erakusketetan eta abar.

Aldi berean eta kamioiak eskaintzen zituen aukerak zirela eta, batez ere udaldian, kamioia hainbat tresna garraiatzeko erabiltzen zen, batik bat hesiak, agertokiak eta Mankomunitateko udalerri guztietako jaiak antolatzeko beharrezko gainerako tresnak.

Esan beharra dago zerbitzu honek tresnak, altzari zaharrak, etxetresnak eta abar batzen zituela kamioi garabiari esker. Izan ere, zaborra biltzeko zerbitzuko kamioiak ezin zituen tresna horiek bildu zeukaten neurri eta ezaugarriengatik.

Zerbitzua 1984. urtean sortu zenetik 1999. urtera arte, Mankomunitateak zuzenean ematen zien zerbitzua Mankomunitatea osatzen zuten udalei, bere langile eta baliabide materialak erabiliz.

Denboraldi horretan, Herri Argiztapena Mantentzeko eta Egokitzeko Zerbitzua Mankomunitateko udal guztietan eskatu eta ematen zen.

2000. urtetik aurrera, Arratiako Udalen Mankomunitateko Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen zerbitzua azpikontratatutako enpresa espezializatu baten bidez jasotzeko proposamena. Gaur egun zerbitzu hau Ekoleds Innovations'ek egiten du.