Barazarko mendatetik hurbil, Atxuriko haitzen behealdean, Saldropoko hezegunea dago. Bertan Gorbeiako mendigunearen eta Urkiolako Parke Naturalaren ikuspegi bikainak begira ditzakegu.
Zeanuriko hezegune honek balio ekologiko handia du; izan ere, bertan landare anitz eta bereziak aurki ditzakegu, hala nola, landare intsektujaleak edo esfagnoak. Horrez gain, badauka beste berezitasun bat ere: hezegunea zohikaztegi zahar batean dago.
Hezegunearen inguruan gezi horiez seinaleztatutako bidexka bat eratu zen ekosistema baliotsu hau erosotasunez ezagutu ahal izateko.
Bertara heltzeko, N-240 errepidea (Bilbo-Vitoria/Gasteiz) jarraitu 38,5 kilometrora arte (Barazarko mendatea), hau da, “Hostal Barazar” izeneko ostatuaren aurrera heldu arte. Hor atsedenlekuko aparkalekura heltzen den zementuzko bide bat dago.