Natur- Intereseko Zonaldeak

Gorbeiako Gurutzea 

Gorbeiako gurutzeak

1899. urtean, Leon XIII aita santuak kristandadeko mendirik garaienetako gailurretan gurutzeak jarrarazi zituen, horrela, zetorren XX. mendeari agur egiteko. Jakina, neurria leialki bete zen hain katolikoa zen Euskal Herrian.

Lehenengo gurutzea

33,33 metroko garaiera zuen gurutzea jartzea proposatu zen. Bere beso bertikalak 14,5 metro zituen, eta horizontalak, 27m. 1900. urtean inauguratu nahi izan zen, baina, azkenean, lanak atzeratu egin ziren. 1901eko ekainaren 16an hasi ziren gurutzearen zimenduak jartzen.

Herri-harpidetzaren bidez 50.000 pezeta bildu ziren, eta hori izan zen lanetarako aurrekontua. 1901eko azaroaren 12an inauguratu zuten monumentua, eta bertaratu ziren artzainek iragarri zuten ez zuela zutik luzaroan iraungo. Hala izan zen, izan ere, hurrengo hilabeteko 12an, haize bolada bortitzek jota, jausi baitzen.

Gurutze hori Lutxanako Serapio Goikoetxearen, garai hartan Barakaldoko alkatea zenaren tailerrean eraiki zen. Tailerrak tren-geltoki aurrean zeuden, eta bertatik, trenez, Izarraraino eramaten zen materiala. Handik, Zarateko bizilagunek gurdiz eramaten zuten material hori gailurreraino, 14 orduko bidaian. Bigarren gurutzearen proiektu-enkargua Casto de Zavalak jaso zuen.

Bigarren gurutzea

Obrak denbora gutxira hasi ziren berriro. Bigarren gurutze hori ere, lehenengoa bezain handia eraiki zuten. Gurutze berria hogeita bi hilabete geroago inauguratu zen. 1903ko urriaren 1ean Jordan ibaiko urarekin bedeinkatu zuten. 1906ko otsailaren 12an, beste haize bolada batek jota, bigarren gurutzea ere jausi zen.

Hirugarren gurutzea, gaur egungoa

1907an hasi ziren hirugarren gurutzearen obrak. Oraingo honetan, proiektua askoz ere umilagoa izan zen: Eiffel dorrearen antzeko estruktura zuen eta bere garaiera 17,23 metrokoa zen. Lauki-formako oinarriak, alde bakoitzeko, bost metro ditu, eta estruktura metalikoa du. Hormigoizko zapaten bidez dago lurrari atxikita. Ipar eta ekialdeko oinak Arabako lurretan daude, eta hegoaldeko eta mendebaldekoak, Bizkaikoetan. Bere profilek “T” forma dute, eta oinarrian metro bateko distantzia dago haien artean, baina zenbat eta gorago, gero eta gehiago elkartzen zaio bata besteari, eta, azkenean, erpin bakarrean amaitzen dira, erdian. “T” formako profilen artean gurutzatutako diagonalen sareta sortzen da, L profilean, torloju bidez lotuta daude. Elkartzen diren puntuan gurutze latindar bat sortzen da, eta bere besoak ekialdera eta mendebaldera begira daude. Oinarrian, mundua argiztatzen duen argia izango bailitzan, sugar bat irudikatzen da. Erdian, Kristoren anagrama dago. Hasiera batean, tximistorratz bat izan zuen.

Gorbeiako Gurutzea1963eko ekainaren 23an, Begoñako Amabirjinaren irudiak multzo erlijiosoa osatu zuen. 1967. urtean irudia birjarri behar izan zen, brontzezkoa, lotsagaberen batek burua moztu baitzion. Hori Basauriko Grupo Alpino Baskoniak jarri zuen.

 

Iñaki García Uribe

 

 

 

* Iñaki García Uribek eta Gorbeialde Elkarteak eskainitako argazkiak

  • Gorbeiako Parke Naturala

Interesgarria

Informazioa

AREATZAKO PARKETZEA

Helbidea: Gudarien plaza, 1
Herria: 48013 Areatza
Tel.: 94 673 92 79
E-maila: parketxea@hotmail.com

Ordutegia:

10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara

Egunero

Erakusketa aretoa, ikus-entzunezkoetarako aretoa eta erabilera anitzeko aretoa ditu.