Natur- Intereseko Zonaldeak

Gorbeia 

Gorbeiako Parke Naturala Araba eta Bizkaiako lurraldeetan kokatutako 20.000 hektareako inguru babestua da. Euskadiko Parke Natural handiena da; izan ere, Bizkaian Areatza, Artea, Orozko, Zeanuri eta Zeberio udalerriak barne hartzen ditu, eta Araban Zigoitia, Zuia eta Urkabustaiz. Bertatik hurbil dagoen Urkiolako Parke Naturalarekin batera, berebiziko garrantzia duen ingurumen-unitatea sortzen dute.

Gorbeiako mendiak 1.482 metroko altuera dauka, eta horren ondorioz mendialdeko ohiko klima du. Horrez gain, Gorbeiak Bizkaiko Golkotik datozen haize hezeak geldiarazten dituen oztopo handi gisa jokatzen du.

Mendi-tontor hau euskal mendizaletasunaren ohiko erreferentzia-puntua da. Gorbeia bisitari gehien dituen mendilerroen artean dago, bai bere tontor xarmagarriengatik (Gorbeiagane, Aldamin, Oketa, Berretin…), bai bere paisaia aberatsengatik (Goiuriko ur-jauzia, Atxulaur Begia, Altubeko pagadia…). Gainera, kokapen estrategikoa du inguruko hiriguneei dagokienez.

Parke Naturalaren barruan eta alboan hainbat motatako atsedenlekuak daude; Bizkaiako zatian Pagomakurre da atsedenleku nagusia, eta arabar zatian Baiasko Zentrala dago, baita duela gutxi bertan sortu zuten Parketxea edo Parkeko Harrera Zentroa ere.

Hala ere, hori ez da Parkeko informazio zentro bakarra. Areatzan Gorbeiako Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa (Areatzako Parketxea) dago.

Parkera heltzeko sarbideak:

  • Areatzatik (elizaren aurrean): Pagomakurre, Larreder eta Upokomakatza.
  • Barazar gainean (Zeanuri): Saldropo atsedenlekura doan mendi-bidea.
  • Lanbreabe auzotik (Zeanurin): Iondegortako aparkalekura heltzen den bidea.
  • Gallartu auzotik (Orozko): Atzagorta atsedenlekura garamatzan mendi-bidea.
  • Usabel auzotik (Orozko): Belaustegi atsedenlekura hel gaitezke.
  • Arteatik (Orozkorako norantzan): Pagomakurre atsedenlekura mendi-bidea.
  • Zuiatik eta Sarrian: zentral elektriko zaharreko atsedenlekura sar gaitezke.
  • Zigoitiatik, Muruan: Muruako harrobiko atsedenlekua.
 
  • Gorbeiako Gurutzea

Interesgarria

Informazioa

AREATZAKO PARKETZEA

Helbidea: Gudarien plaza, 1
Herria: 48013 Areatza
Tel.: 94 673 92 79
E-maila: parketxea@hotmail.com

Ordutegia:

10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara

Egunero

Erakusketa aretoa, ikus-entzunezkoetarako aretoa eta erabilera anitzeko aretoa ditu.