Natur- Intereseko Zonaldeak

Urkiola 

Urkiolako Parke Naturala Aramotzeko mendilerroak osatzen du eta 5.768 hektareako azalera dauka. Abadiño, Amorebieta- Etxano, Atxondo, Dima, Durango, Izurtza, Mañaria eta Aramaio udalerriak barne hartzen ditu. Parkeko puntu altuena 1.331 metrotara dago, Anboto mendiaren tontorrean. Gailur horretan bizi da Mari, Anbotoko Dama bezala ezagunagoa den euskal mitologiako sinbolo nagusia.

Urkiola 1989an izendatu zuten Parke Natural. Ekimen horren helburua inguruko baliabide naturalak babestu eta gordetzea izan zen, aldi berean mendi horietako ohiturazko ustiapenak mantendu eta sustatuz.

Mendilerroaren kokapen geografikoak eta fisiografiak eratzen duten paisaian haitzak eta larre garaiak dira nagusi. Mendiaren behealdean, ordea, pinudiek, artadiek eta pagadiek osatzen dute paisaiaren zati handiena.

Parke Naturalaren erdigunean Urkiolako Santutegia dago. Tenplua Antonio Abade eta Paduako Antonio santuak gurtzeko eraiki zen XIX. mendearen azken urteetan. Dena den, Santutegia ez da babestutako eremu honetan kristautasunak utzi zuen aztarna bakarra. Tenplua eraikitzen hasi ziren garaian, erromesaldietan hurbiltzen ziren bisitari eta erromesei ostatu emateko baseliza eta aterpetxeak sortu zituzten. Jai garrantzitsuenak urtarrilaren 17an eta ekainaren 13an ospatzen dira, San Antonio Abadearen eguna bata eta Paduako San Antonioren eguna bestea. Gaur egun, ospakizun horietan fededun ugari doaz Santutegira.

Aipatutako baselizen artean, nabarmentzekoak dira Kristo Santuarena eta Santa Apoloniarena. Biak daude Santutegitik oso hurbil eta galtzada batek batzen ditu.

Bestalde, Urkiola gainean Toki Alai Informazio eta Interpretazio Zentroa dago, baita ostalaritza eskaintza zabala ere.

Parkeak atsedenlekuak ditu Urkiolako Santutegiaren inguruetan: Saibierrekako atsedenlekuak, Durangotik Gasteizera doan Bi-623 errepidearen bi aldeetan, edo Mugarra haitzaren inguruan dagoen izoztegiko atsedenlekuak, Durangotik sarbidea dutenak.

Parkera sartzeko zenbait bide daude, baina Durangotik Gasteizera doan Bi- 623 eskualde-errepidea da sarrera nagusia, parkea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen baitu Urkiolako mendatetik igaroz.

 
  • Urkiolako Parke Naturala

Interpretazio Zentroa

TOKI ALAI INTERPRETAZIO ZENTROA

Helbidea: Urkiolako Mendatea, 8
Herria: 448211 Urkiola
Tfno. 94 681 41 55
Webgunea: www.bizkaia.net