Gertakari historikoak

 

XX. mendearen lehen bi herenetan Arratiako bizitza baldintzatu zuen garraiobideren bat egon bazen, zalantzarik gabe tranbia izan zen hori.

Tranbia

Gure arteko zaharrenek oraindik gogoratzen dituzte hiriburura heltzeko bi ordutako bidaia luzeak edo Galdakaoko “Dinamita”-ra, Basauriko “Vasconia” eta “Firestone”-ra edo Bilboko “Euskalduna”-ra egunero lanera joateko ibilbideak, abereen eta landa-produktuen etengabeko joan-etorriak, baita Bilbotik gorantz garraiatzen ziren ikatza, mendizaleak eta produktu ugariak ere. Askok malenkoniaz ikusten dute garraiobide honen desagerpena, baina gai honi buruz Jose Felix Garai adituak dioenez: “Urteak joan ahala, tranbiaren biziraupena gutxi batzuei soilik axola zitzaien, gehienei berdin zitzaien. Geldoa, arriskutsua... atzerapen bat, azken batean. Berez, sarea kendu zenean, geratzen zen guztia enkantean jarri zuten eta gaur egun ez da bagoi edo atoirik kontserbatzen. Horixe da errealitate tamalgarria.”

Egia da hemen ez dugula birziklatzen jakin, interes ekonomikoa soilik bilatuz. Herrialde anglosaxoietan ez bezala, hemen ez dugu beharrezkoa zen etorkizuneko ikuspegia izan edo baliabide turistiko bezala izan zezakeen garrantzia ustiatzeko beharrezkoak diren laguntzak ez ditugu lortu. Eta hori, Gorbeia alboan izanda!

Tranbia

Dena den, bere iragana hor dago. 1899ko urtarrilean, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia sozietate anonimoa (“Tranvía Eléctrico de Bilbao a Durango y Arratia” edo TBDA) sortu zen. Urte bereko martxoan, Areatza elizaren (lehen Villaro eliza) aurrean lanak hasi direla jakinarazten da eta irailean Lemoa eta Artea bitarteko zatian idiez tiratutako joan-etorriak hasten dira. Mende berriaren lehen urteko uztailean zerbitzua Zeanuriraino heltzen da, baina idien ordez makinak erabiliz.

Tranbia zebilen ibilbidetik edozein joan zitekeen: idiak tiratutako gurdiak, astoak, pertsonak... Gehienezko abiadura 20 kilometro ordukoa izan arren, maiz istripuak gertatzen ziren. 1902an jada badakigu Villaron, gaur Areatza den udalerrian, neskatila bat hil egin zuela.

“Ferrocarriles Vascongados” konpainiak, gaur EuskoTren izena duenak, zerbitzuaren kontrola hartu zuen 1911. urtean. 20. hamarkada eta 30. hamarkadako lehenengo urteak tranbiaren urrezko urteak izan ziren. Langile kopurua aldakorra izan zen, baina 1917. urtean sareak 129 agente, 28 bagoi motordun, merkatalgaietarako 11 bagoi eta 80 atoi zituen. Lemoako tailerretan – Tallarretan 1994ko amaieran lurrera bota zituzten berberetan – tranbia asko muntatu ziren, horietako batzuk egikera oso txukunaz. 1912. urte inguruan tailerretatik zuzenean herriko tren geltokira zioan adar bat sortu zuten, biak baitziren konpainia berekoak.

Gerra Zibila: tranbiaren hondamendia

Gerra Zibilak eta bere geroagoko ondorioek oso eragin txarra izan zuten tranbiaren ibilbide osoan. Azpiegitura osoa kaltetu zuen, batez ere Amorebieta eta Durango bitarteko bidea, hainbat zubi suntsitu baitzuten, eta atal hori ez zen sekula ere berriro zabaldu. Ondorengo autarkia urteek sarea eguneratzeko behar-beharrezkoak ziren material mota guztien gabezia eragin zuten. Gutxinaka, matxurak gero eta ugariago gertatzen hasi ziren. Gainera, “Ferrocarriles Vascongados” konpainiak ez zuen gehiago inbertitzeko interesik, jada trena zeukatelako eta garraio publikoaren etorkizuna trenean eta autobusean ikusten zuen Administrazioak emandako kontzesioaren epea 60. hamarkadan amaitzen zelako. 1950. urtean Lemoa eta Amorebieta bitarteko tranbia zerbitzua eten eta autobusak jarri zituzten.

Tranbia

Tranbian lan egiteagatik oso gutxi irabazten zen; egiatan, konpainiak 1942 eta 1946 urteen bitartean soilik banatu zituen dibidenduak akziodunen artean. Beste urte guztietan, zerbitzuak irabaziak baino kostu gehiago izan zituen.

Zeanurirainoko lineak bidaia asko egiten zituen eta Arratiako jendeak asko erabiltzen jarraitzen zuen, baina 1953an bigarren hondamen garrantzitsua heldu zen urriko uholdeekin batera. Orduko 2.200.000 pezeta galdu ziren. 1956an Lemoatik Galdakaorako linea altxatu egin zuten. Orduan 7 tranbia baino ez ziren geratzen. Ordutik aurrera, tranbiaren desagertze prozesua nabarmentzen joan zen.

1964ko udan, Zeanuritik Zulaibarrerako errepidearen bidegurutzera bitartean dauden 500 metroak desagertu egin ziren eta 1964ko azaroaren 30ean geratzen ziren ibilbideak eten ziren, hau da, Urbitik Bilbora eta Lemoatik Zeanurira zihoazenak. Beraz, tranbiaren heriotza eragin zuten. Autobusa, gure “Arratiano” herrikoia, izango da ordutik aurrera eskualdea komunikatzeaz arduratuko dena.

Garai horretan, garraiobidean amaiera arte iraun zuten 74 agenteetatik 34 lan gabe gelditu ziren, 21 “Ferrocarriles Vascongados”-era joan ziren, 9 Arratiako autobusetan lanean hasi ziren, beste bederatzik konpainiaren materialaren mantenimenduari ekin zioten eta bat borondatez joan egin zen. 1965ean gelditzen zen materiala enkantean jarri zen eta garraiobidea betiko ezereztu zuten. Nork daki, baina mantendu izan balitz eta errentagarria izango balitz, baliteke turismoari esker Arratiako eskualderako diru sarrera bilakatu izana.

Egilea: Javi Zalbidegoitia