Historia

Udalen Mankomunitate hau, hasieran Arratiako Mankomunitatea zeritzona, 1981. urtean sortu zen Arratiako udalerrietako zinegotzi batzuen kezkak bultzatuta, herrientzat hain garrantzitsua den kontu bati aurre egiteko: etxez etxeko zabor-bilketa. Haien ustetan, zerbitzua errentagarriagoa izango zen udalerri guztientzat zerbitzua Mankomunitatearen esku utzita.

Ildo horretatik, Igorreko Udalak eraman zituen Mankomunitatearen izaera juridikoa eta administratiboa sortzeko kudeaketak. Era berean, sortzekotan zen Mankomunitateko kide izateko erabakia hartu zuten honako udal hauek: Bedia, Lemoa, Dima, Arantzazu, Artea, Areatza eta Zeanuri Udalek.

1981. urtean, estatutu batzuk egin eta izapidetu ziren, ondoren administrazio ezberdinek onetsia eman dezaten (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Herri Administrazioetako Ministerioa, Estatu Kontseilua), hori guztia tokiko erakunde berria sortu ahal izateko.

1982ko urtarrilaren 29an Mankomunitatea eratzeko batzarra izan zen, gorago esan diren Udalek egindako izentapenak oinarritzat hartuta: garai hartan ordezkari bi ziren udalerri bakoitzeko.

Batzar hartan Mankomunitateko lehen lehendakaria izentau zen, Jose Ramon Bustinza Arriortua jauna hain zuzen ere; gainera, lehendakariordea eta Gobernu Batzordea ere izentau ziren.