Gertakariak

 

• Abenduaren 11ra arte egongo da zabalik eskaerak aurkezteko epea. Oinarri osoak Mankomunitatearen webgunean dagoz. 

• Jarduera ekonomiko barria eskualdeko udalerri baten alta emonda egon beharko da, 2019ko irailaren 15aren eta aurtengo irailaren 14aren artean.  

Igorre, 2020ko zemendiaren 9a. Arratiako Udalen Mankomunitateak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, dirulaguntzak eskatzeko deialdia zabaldu dau, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek jarduera ekonomiko barriak sortu eta martxan jarteko gastuetarako.

7.000 euroko hornidurea daukan programearen helburua da gazte ekintzaileei eskualdean enpresa-ekimen barriak sortzen laguntzea. Abenduaren 11ra arte egongo da zabalik eskaerak aurkezteko epea, gazteria.arratia@bizkaia.org posta elektronikoaren bidez, eta/edo Mankomunitatearen dokumentazino sarrerearen Erregistro Orokorrean.

Deialdian jasota dagoanez, jarduera barritzat hartuko da Jarduera Ekonomikoen ganeko Zergan 2019ko irailaren 15etik aurtengo irailaren 14ra bitartean Arratiako eskualdea osotzen daben udalerrietako baten (Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa edo Zeanuri) lehenengo aldiz altea emon dauena. Deialdi honetatik berariaz kanpo geratzen dira jokoagaz, tabernakaz edo antzekoakaz lotutako jarduerak.

Laguntza ekonomikoak deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzen arabera emongo dira, eta zenbatekoa eskaera bakotxak lortutako puntuazinoaren arabera banatuko da, honako erispide honeen arabera: izaera barritzailea (10 puntu), enplegu egonkorra eta kalidadezkoa sortzeko potentzialtasuna (30 puntu), ekimenaren inpaktu soziala (20 puntu), ingurumen-jasangarritasuna (20 puntu) eta proiektuaren jasangarritasun ekonomikoa (20 puntu).

Arratiako Udalen Mankomunitatearen ustez, lehentasunezkoa da eskualdean susperraldi ekonomikoa eta enplegu-sorrerea bultzatuko daben ekimenak martxan jartea, COVID-19aren pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren momentu honetan. Oraingoan, deialdiaren helburua da gazte ekintzaileei laguntzea Arratiako eskualdean jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrerea bultzatzen daben enpresak sortzen.



             

 Bizkaiko Aldizkari Ofiziala

 

 Iragarkia

 

 Oinarriak

 

 Eranskina (deskargatu docx)