• Euskara

Albisteak

 

cartel oficial

 

 

 

 

 

 

 

 

ZEANURI, ERROTARIK ERROTA

 

Zeanuriko Erroten VI. Ibilaldia antolatu dute maiatzaren 8rako

 

Gure geografiako paraje eta txoko ezberdinak ezagutzeko erarik egokiena oinez ibiltzea eta bazterrak arakatzea da. Eta aukera hori eskaintzen dute datorren maiatzaren 8rako Ipizki eta Joko Alai elkarteek Zeanuriko Erroten VI. Ibilaldiaren antolaketarekin.

Oinezko martxa honekin antolatzaileek bilatzen dituzten helburuak honako hauek dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurbiltzen diren bisitariei Zeanuri (Bizkaia) eta bere auzoak ezagutzera ematea; eta, bestetik, Zeanuriren historian errotek izan duten garrantzia ezagutaraztea. Ez dira gutxi, izan ere, herri honetan ezagutzen diren edota han-hemenka azaltzen diren errotak edo erroten arrastoak: guztira hemezortzi —gehienak bertan behera utzita, baina beste batzuk zaharberrituta—, denak hidraulikoak. Ibilbidean zehar hamaikaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan —Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-irtena egiteko aukera izango dute

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Olabarriko anteparan lanean

 

Aurtengo ibilbidea iazko berbera izango da, 18 kilometrokoa, baina haurrentzat edo ondo prestatuta ez daudenentzat laburragoa, 12 kilometrokoa, egiteko aukera ere eskaintzen da. Irteera herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik igaro ondoren, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dute parte-hartzaileek. Urtegia atzean utzi bezain laster, Barrengoerrota, Erdikoerrota eta Goikoerrota aurkituko dituzte, hirurak Beretxikorta errekatxoaren ertzean eta 500 metroko tarte baten barruan. Agarre baserriaren ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera jaitsiko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira eta nahi dutenek kuku bat egin eta errota lanean ikusteko aukera izango dute. Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik berriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo die —oraingoan beste aldetik—; urtegiaren presatik 100 metro aitzina, Alkiberren, indarrak berritzeko jan-edana banatuko du Gastronomía Cantábrica-k. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uriben sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ondotik  igaro ostean, azken kilometroa betetzen hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errota azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak erabat zaharberritua—, eta bisitatzeko aukera izango da, ate batetik sartuz eta bestetik atereaz, Zeanuriko plazara iritsi eta ibilaldiari amaiera eman aurretik.

2010eko edizioko parte-hartzaileak Undurragako urtegiaren presara bidean

 

Ibilbidea burutzerakoan, 18 kilometro eramango dituzte oinetan ibiltariek, baina ziur zitari erantzuteak mereziko diela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udaberrian naturak azaltzen duen koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera izango baitute.

 

IBILALDIARI BURUZKO XEHETASUNAK

* Eguna: maiatzaren 8a, igandea.

* Izena ematea: 08:30etik aurrera, herriko plazan. 2€

* Irteera: 09:00etan.

* Ibilbidea: 18 kilometro. Haurrentzat ibilbide laburra: 12 kilometrokoa.

* Jan-edana: Ibilbidearen erdialdean jan-edana banatuko du Gastronomía Cantábrica-k.

* Ibilaldiaren hasieran Ibargutxiko errotan eta amaieran Olabarrikoan sartu-irtena  egiteko aukera izango dute ibiltariek.

* Antolatzaileak: Ipizki Taldea eta Joko Alai Elkartea.

* Laguntzaileak: Gastronomía Cantábrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Zeanuriko Jubilatuen Taberna eta Arratiako Gurutze Gorria.

INFORMAZIO GEHIAGO: www.gorbeialdea.com / www.ipizki.com edo telefono hauetan: 653016117, 946739287