Albisteak

 

Josu Basozabal, Areatzako alkateak, Pilar Unzalu Ingurumen Sailburuaren eskutik jaso zuen saria.

Udalsarea 21ek, Jasangarritasunerako Udalerrien Sareak, Areatzako Tokiko Agenda 21 saritu du Zilarrezko tak21 sariarekin. Errekonozimendu hau Euskadiko Tokiko Agenda 21en kalitate globala neurtzen duen tak21 prozesuan oinarrituta ematen da.

Ekitaldian, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan egin zena, EAEko hainbat erakunde eta udalerritako ordezkariak izan ziren, tartean Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde antolakuntza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua. Hain zuzen honen eskutik jaso zuen saria Josu Basozabalek. 2012ko Urrezko tak21 Saria jaso zuten Legazpiko eta Durangoko Udalek, bere aldetik, Amurrioko, Areatzako, Donostiako, Tolosako, Gasteizko eta Zarauzko Udalek Zilarrezko tak21 irabazi zuten. Lehen sariketa honetan 47 udalerrik hartu dute parte, Udalsarea 21eko kide diren %25ek.

Areatza Udalsarea 21eko kide da 2005 urtetik. Sarearen baitan ingurumena eta gure herritarren bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du gainontzeko kideekin ezagutza garatuz eta elkarrekin haziz. Jasotako sariak gure udalean tokiko agenda 21en balioa indartzeko egindako ahalegina erakusten du.

tak21i buruz

tak21 Euskadiko Tokiko Agenda 21en kalitate globala neurtzen eta aitortzen duen neurketa sistema da gure udalerrien errealitatera egokitua. 40 irizpide eta 100dik gora adierazlerekin Agenda 21en barneko prozesu guztiak neurtzen ditu. Gainera, kalite hoberena erakusten duten Tokiko Agendak saritzen ditu, beti ere, lortutako emaitzen arabera.

Udalsarea 21ek sortutako eta sustatutako auditoretza sistema da eta sareko kide diren Udalerrien Tokiko Agenda 21en prozesuen kudeaketa ereduaren parte da. Kalitate globala Tokiko Agenda 21en prozesu bakoitzaren 5 ezaugarri hauen arabera neurtzen da: Estrategiko, Zeharkakoa, Parte-hartzailea, Operatiboa eta Jasangarria.

Informazio gehiago