Albisteak

 
 
Aurtengoagaz hogeta laugarren urtea beteko dau 1988an jaio zan eta klasiko bihurtu dan oinezko martxa honek. Orduan antolatu eban lehenengo aldiz Joko Alai alkarteko mendi sailak eta, urtero, hutsik egin barik eutsi deutsie zeanuriztarrak urteroko ziteari.
Helburuak hasierako berberak dira: domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetea, eta herritarrai zein kanpotarrai Zeanuriko inguru zabalak eta ermiten ondarea ezagutzera emotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan sakabanaturik dagozan ermita edota eleizak, guztira hogei.
Urteerea Ibarretako frontoian izango da, goizeko 07:30ean; ibilbide osoa egiten dabenak 35 bat kilometro beteko dabez eta hemeretzi ermita edota eleizaren ondotik pasauko dira, aurten be Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo geratuko da eta. Hain luzea egin gura ez dabenak, beste bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango dabe: bata, ibilbide ertaina, 23 kilometrokoa eta bestea, laburra, 13 kilometrokoa.
Amaitzerakoan, ibilbide luzea, zein ertaina, zein laburra bete eta gero, ziur ziteari erantzuteak merezi izango deutsela ibiltariai, Zeanuriko ondare erlijiosoa ezagutzeaz ganera, uda udagoien bihurtzear dagoan sasoi honetan natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera ezin hobea eskeiniko deutselako Zeanuriko Ermiten XXIV. Mendiko Martxeak.

Martxeari buruzko zehetasunak
Izena emotea: Urri lehenengoaren 7a aurretik: 7 € sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan: 2095 0335 29 3830586275. Egun berean: 06:45etik aurrera, herriko plazan: 10 €. Joko-Alaiko bazkideak: 3 €. 14 urtetik beherakoak: debalde.
Urteerea: 07:30ean, Ibarreta frontoian.
Osasun-zaintzea, jan-edana eta kontrol puntuak egongo dira ibilbidean zehar.
Amaieran opari bana emongo jakie parte-hartzaileai.
Pelotalekuko dutxak zabalik egongo dira.
Laguntzaileak: Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea, Eroski-Bilbondo, Euskaltel, BBK, Norbega-Coca-Cola, Arratiako Gurutze Gorria, Txoko Sagarna eta Ellauri hotela.
Informazinoa: Alberto: 653 706 269. Aitor Intxaurraga: 688 670 168. www.mendimartxak.creatuforo.com.