Albisteak

 

 

 

Arratiako Udalen Mankomunitateak, Galdakaok eta Amorebieta-Etxanok modu bateratuan prestatuko dabe Enplegurako Eskualde Plana. Proiektu hori inguruko lan-egoerea aztertzera egongo da bideratuta; modu horretan, lana sustatzeko politikak aktibau ahal izango dira, eta negozio-aukerak be sortuko dira, eskualde bien lehiakortasuna hobetu ahal izateko. Hain zuzen be, aitatutako eskualdeetan 5.000 enpresa dagoz (EUSTATen datua), bai eta 60.000 biztanle inguruko populazinoa be.




Proiektuak hainbat urtetako indarraldia eukiko dau, eta bere helburua ekintza konkretu eta programa berezi estrategiko batzuk prestatzea izango da, modu konpartidu eta parte-hartzailean, ahalik eta adostasunik handiena lortuz instituzinoen, gizarte agenteen, enpresen eta inguruetako beste erakunde batzuen artean. Ekintza eta programa horreen bitartez, eskualdeotan enplegua sustatu eta garatu gura da, lan-merkatuetako aldaketek eragindako desorekak gaindituz. Hain zuzen be, planaren bitartez, eskualdeko produkzino-sektoreetan (industrian zein zerbitzuetan) epe ertain eta luzean agertuko diran lanpostuak eta produkzino-jarduerak sortzeko aukerak identifikauko dira, langileen gaitasunak lan-merkatuaren gaur egungo egoeraren beharrizanetara egokituko dira, eta enpresen beharrizanen arteko loturak hobetuko dira.

Era berean, beste hainbat gai aztertuko dira: enpresa-sarea, sektore ekonomikorik esanguratsuenak eta prestakuntza zein enplegurako daukiezan beharrizanak, lanean dagozan personen titulazinoak, gaur egungo enpleguaren tipologia, etorkizunerako aurreikuspenak, plantillak barritzeko beharrizanen aurreikuspena, testuinguruaren beharrizanak (zoru industriala eta abar), eta azpiegiturak, zerbitzuak, urigintza, etxebizitza eta eraikuntza, ezaugarri horreek enplegagarritasunean eta mobikortasunean eragiten daben heinean. Gainera, ingurumenaren eta natur baliabideen egoereak be aztertuko dira, inguruari eragiten deutsien faktoreak diralako eta jarduera eta enplegu barriak garatzeko potentziala daukielako, esate baterako, turismoari edo teknologia berdeei jagokenez. Ekimen hau 2011-2014 Enpleguaren Euskal Estrategian eta Lanbideren 2012 Enplegurako Plan Eragilean dago sartuta. Akordioa gaur aurkeztu da Igorren, eta bertan egon dira Josune Gorospe Arratiako Mankomunitatearen presidentea, Amaia Betolaza Galdakaoko alkateordea, David Latxaga Amorebieta-Etxanoko alkatea, eta haraneko herrietako alkateak.