Albisteak

 

Jon Orbek, Arratiako Institutuko DBH 2ko ikasleak, “Kerik gabeko ikasgela” lehiaketaren toki mailako saria irabazi dau. Programa europar horren helburua tabakismoaren prebentzinoa da, eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei dago zuzenduta. Lehiaketea Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak antolatu dabe, eta Arratiako Udalen Mankomunitateko Prebentzino Zerbitzuak koordinau dau. Toki mailako fase honetan, 179 ikaslek hartu dabe parte, eta, guztira, 75 diseinu-proposamen aurkeztu dabez, tabakismoaren arriskuaren barri emon eta menpekotasun horren prebentzinoaren garrantzia azpimarratuko dauen kamisetea egiteko.

Saritutako bi lanen sariak (tokikoa eta eskualdekoa) Zornotzan banatu dira gaur, Tabakorik Gabeko Munduko Eguna dala-ta egin dan ekitaldian. Toki mailako lanean, ziega baten giltzaperatutako mutil gazte bat ikusten da. Ziegako barrak zigarroak dira, eta mutilak desesperazinoz heltzen deutse barra horreei. Marrazkiaren egileak, Jon Orbek, bere ikaskide batzuekaz eta tutore arduradunagaz batera jaso dau saria. Hain zuzen be, Josune Gorospe, Arratiako Udalen Mankomunitateko presidenteak emon deutso saria. Saritutakoa persona bakarra izan arren, bere ikasgelako guztiek sari bera jasoten dabe. Kasu honetan, 4G-ko pendriveaz gain, eskualde mailan saritutako marrazkia koloretan inprimiduta daukan kamisetea jaso dabe.

Lehiaketeak emon deutso amaierea programa honi. Lehenago, ikasleek hausnarketa-lana egin dabe ikasgeletan. Ikasturte honetako denpora-tarte jakin baten barruan ez erretako konpromisoa hartzea izan da lehiaketearen oinarria. Hau da, ikasgela bateko ikasle guztiek, euren tutoreagaz batera, ikasturte osoan erre barik egoteko erabagia hartzen dabe.

Konpromiso hori idatziz sinatzen da, eta, gero, horren barri emoten jake familiei. Programeak erantzukizuna eta alkarrenganako konfiantzea sustatu gura dauz. Beste alde batetik, gaiagaz lotutako hainbat jarduera be egiten dira. 12-13 ikasturte honetako edizinoan, 6.886 ikaslek hartu dabe parte.