Albisteak

 

Arratiako Udalen Mankomunitateko Gobernu Batzordeak, gaur egindako ezohiko saioan, FCC-Alfus eta INCOESAko beharginen eta aitatutako enpresen ordezkariei informatzen dautse eskumena daukien organismoen –PRECO eta Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzea– bitartekaritza eskatzeko beren beregi eta gehiago atzeratu barik, enpresa biak biziten dabilzan lan-gatazkari konponbide bat topetako.

Mankomunitatea hartu-emonetan ipini zan Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzeagaz, eta premiazko bilerea eskatu eban, maiatzaren 29an, FCC-Alfuseko enpresa Batzordeko ordezkariek eta INCOESAko beharginen ordezkariek bi idazki emon eta gero Mankomunitateko alkate eta zinegotziei, euren bitartekaritza eskatzeko. Bilerea hogeita lau ordu geroago egin zan, eta, bertan, Lan Zuzendaritzak jakinarazo eban mueta honetako lan-gatazketan bitartekari lez aritzeko eskumena daukien organismo bakarrak PRECO eta Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzea dirala. Mankomunitateak, atzo egindako Ezohiko Gobernu Batzordearen deialdia berehala egin eban, bakarrik 48 ordu eta gero.

Hain zuzen be, bitartekaritza prozesuari hasierea emoteko, beharrezkoa da alde bietako batek (beharginen zein enpresaren ordezkariak) beren beregi eskatzea. Antzeko kasuetan, eta Lan Zuzendaritzeak egindako bitartekaritza-lanari esker, emoitza positiboak lortu dira kasu batzuetan; esate baterako, Arratiako enpresarik esanguratsuenetakoa dan “Cementos Lemona” enpresako gatazkari emon jakon konponbidean.

“Ezohiko batzar honegaz, gure ardura guztia helarazo gura izan dogu Arratiako behargin eta enpresek bizi daben egoereagaitik, eta, era berean, babesa emon gura izan dogu, gatazka honek konponbide ona euki dagian. Gure eskualdeko enpleguari eta enpresa-sareari eustea Mankomunitatea osotzen dogun udal arduradunen ardura nagusienetakoa da”, azaldu dau Josune Gorospek, Arratiako Udalen Mankomunitateko presidenteak.