Albisteak

 
 

• Eskualdeak Suspertzeko Programaren bitartez, 393.250 euro inbertiduko ditu autoenplegua sustatzeko ekimen honetan.
• Gazteak, iraupen luzeko langabeak eta barriro laneratzeko zailtasun bereziak daukiezan 45 urtetik gorakoak dira, batik bat, foru jarduera honen onuradunak.


Aurten Enkarterrin eta Nerbioi-Ibaiabalen izandako esperientzien ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak diseinautako Eskualdeak Suspertzeko Programa Arratiara heldu da orain. 393.250 euroko aurrekontu-zuzkidureagaz, ekimen honen bidez aukerea emongo da eskualdeko hamar udalerrietako -Amorebieta-Etxano, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri- 65 persona lan merkatuan sar daitezan. Lehentasunezko helburua autoenplegua sustatzea da, eta onuradunak batez be eskualdean erroldautako gazteak, iraupen luzeko langabeak eta barriro laneratzeko zailtasun bereziak daukiezan 45 urtetik gorakoak dira, danak be eskualdean erroldautakoak.

Ekimen honen funtzionamentuaren eskemeak lehenago Ezkerraldea-Meatzaldean (2013an), Enkarterrin eta Nerbioi-Ibaizabalen egindako esperientzien ereduari jarraitzen deutso: proiektuen aholkularitza eta laguntza personalizatua aurreikusten da hiru fasetan: prestakuntza, negozioaren ideia garatzea eta enpresa sortzea. Halanda ze, Arratian irailean hasiko dan programan parte hartzeko aukeratutako 65 personek hilero 350 euroko laguntzea jasoko dabe prestakuntza fasean eta negozio plana egiteko fasean, eta, euren enpresa martxan jarritakoan, 5.000 euroko diru-laguntzea jasoko dabe. Aurreko aldietan lez, helburua da parte-hartzaileen %60k lortu dagiala, gitxienez, bere negozioa sortzea, eta, modu horretan, lan merkatuan sartzea edo barriro laneratzea.

Arratian garatuko dan ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren Eskualdeak Suspertzeko Programaren barruan dago. Programa horretarako, aurtengo aurrekontuan, ekitaldi honetan 4 milioi euroko zuzkidura daukan Aparteko Enplegu Funtseko 1.500.000 euro dagoz, Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2014ko Aurrekontuetan ezarrita dagoan lez. Aurten, 225 personak hartu dabe parte daborduko programa honetan: 100 personak Enkarterrin eta beste 125ek Nerbioi-Ibaizabalen..



Imanol Pradales, Ekonomia Sustatzeko Diputatua, Arratiako eta Amorebieta-Etxanoko alkateekaz  Mankomunitateko egoitzan

Emaitzak Ezkerraldea-Meatzaldean
Eskualdeak Suspertzeko Programa iaz jarri zan martxan lehenengo aldiz Ezkerraldea-Enkarterrin, eta, lortutako emaitza onek animauta, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur egungo krisi ekonomikoak batez be jo dituan eskualdeetako industria eta ekonomia jarduera bizibarritzea xede daukan ekimen horri eutsi eutsan.
Ezkerraldea-Meatzaldean, 118 enpresa sortzea lortu zan, eta 123 persona afiliau ziran langile autonomoen araubide berezian. Alta barri hareetatik, %38 emakumeenak izan ziran. Gainera, euren negozio propioa martxan ipintea erabagi ebenen %56 hamabi hilabete baino luzaroago egon ziran langabezian, programa honetan parte hartu eta autoenpleguaren alde egin baino lehen.