Albisteak

 


Ibon Uribe Galdakaoko alkateak eta Josune Gorospe eta Aitor Sorriketa, Arratiako Udalen Mankomunitateko presidenteak eta presidenteordeak, aurkeztu dabe jardunaldia, gaur egingo dana Zulaibar Ikastegian, inguruko 30 enpresaren parte-hartzeagaz.

Sustapen ekonomikoa ahalbidetuko daben jarduerak bultzatzeko dinamikaren barruan, Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Galdakaoko Udalak, Tokiko eta Enplegurako Garapenerako Behargintza bulegoaren bitartez, Arratia-Galdakao II. Enpresa Topaketea aurkeztu dabe gaur. Ibon Uribe Galdakaoko alkateak eta Josune Gorospe Arratiako Udalen Mankomunitateko presidenteak holako lankidetzen garrantzi estrategikoa nabarmendu dabe.

Haran osoko 30 enpresa inguruk hartuko dabe parte ekimenean. Hain zuzen be, Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiaren kolaborazinoa lortu da, eta bertako instalazinoetan egingo da jardunaldia, bihar, eguenean (martiak 21), 09:30etatik aurrera. Ekitaldia bi zatitan egongo da bananduta: lehenengoan, enpresa bakotxak aukerea eukiko dau bere burua beste parte-hartzaile guztien aurrean aurkezteko. Horretarako, enpresa bakotxari minutu bat emongo jako; holan, aurkezpen baten euskarri grafikoaren bitartez, arduradun bakotxak bere enpresearen barri emongo dau, eta garrantzitsutzat joten dauzen puntuak nabarmenduko dauz.

Bigarren zatian, modu informalean eta work kafe formatuan, bertaratutakoen arteko hartu-emon komertzialak egingo dira. Gainera, topaketaren ostean kontaktu gehiago egin ahal izateko aukerea emongo da, topaketan hartu-emonen bat egin barik geratu bada. Izena emon daben enpresak sektore askotakoak dira; besteak beste, eraikuntzakoak, kimikakoak, zerbitzuetakoak eta industria arlokoak. Izena emon daben enpresen erdiak Galdakaokoak dira, gainerakoak Arratiakoak, Amorebieta-Etxano eta Bilboko bi izan ezik.



Hau da instituzino biek sustatu daben mueta honetako bigarren topaketea. 2012an, 32 enpresatako 52 personak konpartidu ahal izan eben esperientzia hau, eta enpresen arteko 200 kontaktu baino gehiago egin ziran. Halanda ze, bertaratutakoek oso modu positiboan balorau eben ekimena. Orduko haretan, ALCOA Transformación de productos, S.L.; AZKAR; Grupo ORMAZABAL; Excavaciones DE DIEGO, S.L.; 

Limpiezas industriales ALFUS, S.A.; GBM Automatización de procesos, S.L. eta Celulosas Vascas, S.L. enpresek hartu eben parte, beste askoren artean. Topaketa honeek SPRIren COMPITE programeak finantzautako INNOVAPYME proiektuaren barruan sartzen dira. Hasieran, proiektu hori Galdakaoko Udalaren eskutik sortu zan, eta herriko enpresei egon zan zuzenduta, baina, azken deialdian, maila handiagoa hartu eban, Arratiako Udalen Mankomunitateagaz kolaboretako erabagia hartu ebanean.