Albisteak

 
    

Beste behin be, Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUM) lankidetza hitzarmena sinatu dau “la Caixa” Gizarte Ekintzagaz, baliabide gitxiko familietako umeek eskolaz kanpoko ekintza osogarrien gastuak ordaintzeko helburuagaz, batez be Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zikloetan.

Orokorrean, ekimen honen helburua da umeen artean garapen intelektual, fisiko eta sortzailerako aukera bardintasuna sustatzea. Halanda ze, garapen hori lortzeko, prekariedade ekonomikoaren eragina murriztu gura da.

Hitzarmen honen bitartez, “la Caixa” Gizarte Ekintzak 3.600 euro emongo deutsaz Arratiako Udalen Mankomunitateari, adierazotako helburua lortzeko. Akordio horreri esker, Arratiako 7 eta 16 urte bitarteko 22 adinbakok kostu ekonomikoa daukien ekintzak egin ahalko ditue ikasturte honetan. Diru-laguntza horreek barik, euren familientzat oso gatxa izango litzateke aitatutako gastuak ordaintzea.

Joseba Argoitiak sinatu dau akordioa, “la Caixa" Gizarte Ekintzaren ordezkari lez, eta Miguel Angel Etxebarriak, Arratiako Udalen Mankomunitatearen presidentea dan aldetik.

Laguntzak batez be hezkuntza-formakuntzaren osogarri diran jardueretatik (errefortzu akademikoa), kirol-jardueretatik (igeriketa, futbola eta taekwondoa) edota jarduera zientifikoaetatik (robotika) eratorritako gastuak ordaintzeko erabiliko dira.

Arratiako Udalen Mankomunitatearen Gizarte Zerbitzuek diru-laguntzen hartzaileak aukeratzeko ardurea hartu dabe. Aukeraketea prekariedade ekonomikoaren eta horreri lotutako beste egoeren arabera egingo da.