Albisteak

 

• Bagilaren 9an 450 persona mobidu ziran, eta beharrezkoa izan zan Galdakaorako zerbitzua areagotzea. 16an, 679 persona izan ziran, beharrezkoa izan zan noranzko guztietako zerbitzuak areagotzea.

 

Guztira, 1.120 gaztek erabili dabe doako autobus-zerbitzua, Arratiako Udalen Mankomunitateak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz antolatutakoa, funtzionau dauan lehenengo bi asteburuetan; izan be, egun horreetan Igorreko jaiak izan dira. Zehatzago esanda, bagilaren 9an 450 persona mobidu ziran, eta beharrezkoa izan zan Galdakaorako zerbitzua areagotzea; 16an, guztira 670 lagunek erabili eben “Gau-Txoria”, eta beharrezkoa izan zan noranzko guztien zerbitzua areagotzea.

Kopuru horreek arrakasta bermatzen dabe, bai eta ekimenaren harrera zoragarria be. Ekimenaren asmoa gazteei garraio-aukera segurua eskaintzea da, eskualdeko herrietako zein inguruko herrietako jaietatik etxeratzen diranean. Halanda ze, autobusa Igorreko jaien hasiereagaz batera hasi zan zerbitzua emoten, eta irailera arte luzatuko da, hau da, Galdakaoko jaietara arte. Ibilbideek barruan hartzen dabe, gainera, Zornotzako jaietatik bueltetako bidaia, garagarrilaren 14an, 20an eta 21ean.

Guztira, Arratiako “Gau-Txoriak” 59 bidaia egingo ditu irailaren erdialdea bitartean. Urteera ordua 02:30ean eta 05:00etan izango da; Arantzazu eta Arteako jaietan, aldiz, zerbitzu bakarra egongo da, 03:30ean. Autobusak ohiko autobus geltokietatik aterako dira, herri honeetan izan ezik: Amorebieta-Etxanon, anbulatoriotik aterako da; Lemoan, posta zerbitzuaren ondoan egongo da geltokia, eta Galdakaon Laboral Kutxatik aterako da.

“Gau-Txori” autobus zerbitzua Arratiako Udalen Mankomunitateak, Areatzako, Arteako, Bediako, Dimako, Igorreko, Lemoako eta Zeanuriko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker izan da posible. Azken horrek ordainduko dau zerbitzuaren kostu osoaren (18.000 euro) % 70. Gainerako % 30a ekimenean parte hartzen daben udalen kontu izango da.