Albisteak

 
  

  • Enma Aguilar arteagaztarrak 3.000 euroko saria jaso dau, eta, gainera, lokal bat itxiko jako doan urtebetez bere jarduera egiteko, Torontile! proiektuari esker.

     

  • PLAZApp Arratia eta Arratia Martxan! proiektuek eskuratu dabe bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren. eta proiektuek eskuratu dabe bigarren eta hirugarren saria, hurrenez hurren.

     

Arteako Enma Aguilar ekintzailearen Torontile! artisautzako diseinu grafikoaren proiektua izan da irabazlea Arratiako Enpresa Ideien lehen lehiaketan. Arratiako Udalen Mankomunitateak egin dau lehiaketarako deia, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Bizkaia planaren bidez, eskualdean ekintzailetzako kultura sustatu, ekonomia bultzatu, eta enplegua eta aberastasuna sortzeko. 

Eskudiruzko 3.000 euroko saria emoteaz gainera, lehiaketako irabazleari lokal bat itxiko jako doan bere proiektua garatzeko. Lokala aurten jarri da martxan, eta daborduko bertan dago beharrean.

Bigarren saria 2.000 eurokoa izan da, eta Arratzuko Igor Goirenak eta Amaia Uribek jaso dabe, Arratiako lehen sektoreko produktuak saltzeko diseinau daben PLAZApp Arratia! aplikazinori esker. Holan azaldu dabe: "Gernikako merkatuan sortu zan ideia, eta aurrera egitea erabagi genduan; izan be, baserritarrek esaten eben gero eta gazte gitxiago joaten dala azoka eta merkatuetara, batez be ordutegi-arazoakaitik. Aplikazino honek baserritarra eta bezeroa alkartzen ditu".

Azkenik, Libe Delgadok eta José Luis Azpirik –Dimakoa eta Elgoibarrekoa, hurrenez hurren– eskuratu dabe 1.000 euroko hirugarren saria, Arratia Martxan! proiektuagaz. Horren bidez, aholkua eta laguntza emon gura deutsiez enpresa barriak sortzen dabilzan ekintzaileei.

Sariak banatzeko ekitaldia gaur izan da, abenduaren 14an (eguena), Igorren, eta saritutako proiektuen egileak diran ekintzaileek hartu dabe parte. Euren ondoan, Arratiako Udalen Mankomunitateko presidente Miguel Angel Etxebarria eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Behatokiko ordezkariak izan dira.

Sariak 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzenduta dagoz, eta, aurkeztu ahal izateko, enpresa-ideia (enpresa- edo ekoizpen-zentroa) Arratiako eskualdean ardaztu behar da. 2017. urtean sortutako proiektuek be parte hartzeko aukerea euki dabe.

Epaimahaia Beaz, Errota, Gorbeialde, Zulaibar eta Lemoako Udaleko ordezkariek eratu dabe. Batez be proiektuaren izaera barritzailea, balio gehigarria eta/edo originaltasuna, eta kalitatezko enplegua sortzeko euki leikean gaitasuna hartu dabe kontuan. Horrez gainera, proiektuaren garapen-maila, definizinoa, iraunkortasuna (ingurumenekoa eta ekonomikoa) eta eragin soziala hartu ditue kontuan.

Epaimahaiaren erabagia jakin ondoren, saritutako proiektuen ideiak eta hareen jabetza intelektuala Arratiako Udalen Mankomunitatearenak izango dira; halanda ze, askatasun osoz jarri ahal izango dau martxan enpresa-ideia, zuzenean edo hirugarrenen bidez, bai ideia aurkeztu dauan personeagaz bai bera gabe, beti be, sortzaileek ideia garatzeko asmorik ez badaukie.