Albisteak

 

• Arratiako eskualdean enplegua sustatzeko xedearekin Lanbidek lagundutako sei proiekturen bitartez

Arratiako Udalen Mankomunitateak (AUMk) hitzarmen bana sinatu du Arratiako Gurutze Gorriarekin eta Gaztaroa-Sartu Kooperativa Elkartearekin, eskualdean enplegua sustatzeko xedea duten Lanbidek lagundutako sei proiekturi buruzkoak; horien bitartez, zazpi pertsona langabe kontratatuko dira.

Adierazitako lankidetza-akordioek 81.250 euroko ekarpen ekonomikoa dakarte eta gaur, asteazkena, AUMk Igorren daukan egoitzan, honako hauek berretsi dituzte akordioak: Mankomunitateko presidentea den Miguel Ángel Etxebarriak, Arratiako Gurutze Gorriko presidentea den Juan Mª Aizarnak eta Gaztaroa-Sartu Kooperatiba Elkarteko zuzendaria den Karmele Artarazek.

Arratiako Gurutze Gorriarekin enplegua sustatzeko sinatutako hitzarmena gazteriari, inklusio sozialari, adinekoei eta artxiboa digitalizatzeari lotutako lau proiektu egikaritzean oinarritzen da; halaber, horien bitartez bost pertsona kontratatuko dira: hiru teknikari eta bi administrari.

Hitzarmen honetako kontratuak sei hilabetekoak izango dira, lanaldi osoan, eta abenduaren 1a eta 2017eko maiatzeko 31a bitartean garatuko dira. Kontratu bakoitzerako aurreikusitako gehieneko laguntzak 12.500 eurokoak dira; beraz, 62.500 euro Arratiako Udalen Mankomunitatearen kargura. Bestalde, Arratiako Gurutze Gorria soldatak eta gizarte-segurantza ordaintzeko aurreikusitako guztizko zenbatekoaren soberakina osatzera konprometitu da.

Gaztaroa-Sartu Kooperativa Elkartearekin egindako hitzarmenak administrazioko gardentasunari nahiz enpleguari buruzko informazioa emateko zentroari lotutako bi proiektu hartuko ditu barne. Bi pertsona kontratatuko dira, teknikari bat lanaldi osoan eta administrari bat lanaldi erdian, sei hiletarako, abenduaren 1etik datorren urteko maiatzaren 31ra arte.

 

Hitzarmen horretan, AUMk 18.750 euroko gehieneko ekarpena egingo du, Gaztaroa-Sartu Kooperativa Elkartea, ordea, soldatak eta gizarte-segurantza ordaintzeko aurreikusitako guztizko zenbatekoaren soberakina osatzera konprometitu da.

Gaztaroa-Sartu Kooperativa Elkartea elkarlaneko nahiz ekimen sozialeko kooperatiba da, eta bere xedea Bizkaiko gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzea da. Irabazteko asmorik gabeko beste hiru elkarterekin batera —Erroak, Zabaltzen eta Sartu Araba— Sartu Taldeko parte da; horren jarduketa-esparrua EAE da.

Kooperatiba-sozietate horren helburua jarduerak eta zerbitzuak sustatu eta garatzea da, betiere mendekotasuna, babesik eza, desgaitasuna, pobretasuna nahiz gizarte-bazterkeria daukaten edo izateko arriskua daukaten pertsonek eta/edo taldeek erabateko inklusio soziala lortze aldera.