Albisteak

 

IGORREKO KULTUR ETXEAN, ARRATIAKO EGOITZAK ANTOLATUTAKO “ETIKA ETA TRATU ONA ADINEKOEI” GAIARI BURUZKO JARDUNALDIA EGINGO DA

 

• Topaketa irailaren 23an izango da, 10:30etik aurrera.

Arratiako Udalen Mankomunitateko erakunde autonomoa dan Arratiako Egoitzak “Etika eta tratu ona adinekoei” gaiari buruzko jardunaldia antolatu dau. Irailaren 23an izango da, Igorreko Kultur Etxean, 10:30etik aurrera.

Topaketan, hirugarren sektoreko profesionalek, egoitzan dagozan personen zaintzaileek eta senideek, erakundeetako arduradunek, eta Amorebietako eta ZULAIBARko (Arratiako Lanbide Ikastegia) Lanbide Heziketa Institutuko ikasle eta irakasleek hartu ahalko dabe parte. Azken ikastetxe horrek Mendekotasun Egoeran dagozan Personak Artatzeko Teknikarien Prestakuntza Ziklo barri bat antolatu dau hurrengo ikasturterako; izan be, gaur egun, lan-eskari handiena daukan jarduera profesionaletako bat da.
Jardunaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko Balorazio eta Orientazio zerbitzuburu (Mendekotasuna eta Desgaitasuna) Lourdes Zurbanobeaskoetxeak eta Deustuko Unibertsitateko Bioetika, Etika Profesional eta Osasunaren Psikologiako Esku-hartzeen arloko irakasle Marije Goikoetxeak hartuko dabe parte, besteak beste.

Arratiako Egoitzako zuzendari Naiara Zamalloak jardunaldiaren maila nabarmendu dau, bai hirugarren adinekoen eremuan puri-purian dagoan gai berezi bat jorratzeagaitik, bai konbidautako hizlarien izen onagaitik.

Zamalloaren eretxiz, Arratiako Egoitzaren eginkizunaren oinarri dan funtsezko printzipioa “beti personen duintasunaren alde egitea da”.  Halanda ze, Arratiako Egoitzak Libera-Care arauagaz egiten dau behar; izan be, arau horrek lotura bako egoitza dala adierazoten dau, eta adinekoen bizi-kalidadea hobetzen daben laguntza-aukerak eskaintzen ditu.