Albisteak

 
  • Proiektu honek erakunde sanitario, sozial eta sozio-sanitarioak daukaz helburu, eta jagoteko eredua aldatuko dau egoitzetan.

  • Lokarriak kentzen diranean, onura psikoemozional handiak sortzen dira egoiliarrentzat eta senideentzat. Era berean, jausteko, nork bere burua lesionetako eta atrofiak agertzeko arriskua be gitxitzen da, besteak beste. 




    Arratiako Egoitza mankomunidadeko erakunde autonomoa da, eta, Libera-Care Araupean behar egiten dauenez, lokarri bako zentro moduan dago egiazteta. Hori dala eta, asistentziarako beste aukera batzuk eskeintzen deutsez egoiliarrei eta senideei, edadekoen bizi-kalidadea hobetzeko. Libera-Care Arauaren arabera, personei mobiduten ixten ez deutseen era guztietako elementuak izango dira lokarriak (ohe eta gurpil-aulkietako garrikoak, alboko barrak...).
     
    Urteetan, sistema hori egoiliarrak babesteko neurri moduan erabili da beharrezkoa zanean, autolesinorik, erorketarik... ez egoteko. Orain, ostera, egoitzako atentzinoak aurrerapausua emon dau, eta holako murriztapenak kentzeko eta personak gehiago duintzeko erabagia hartu da. Arratiako Egoitzak 2013an emon eutsan hasierea prozesu horri, eta ekipamendu barrietan, lehendik egozanen egokitzapenean eta bertako beharginentzako prestakuntzan inbertitu dau horretarako. Euskadi osoan prozesu horri hasierea emon deutsien hamar egoitzetakoa izan da.
     
    Abantailak agirikoak dira erabat. Izan be, egiaztau egin da lokarriak kentzen diranean jangureak, muskuluen tonuak, koordinazinoak eta orekeak hobera egiten dabela. Horrezaz gainera, onura psikoemozional handiak be daukaz egoiliarrentzat zein senideentzat, eta atrofietarako, antsiedaderako... arriskua be gitxitzen dau. Lokarriak erabilten diranean, ostera, ultzerak, ahuldade fisikoa, agresibidadea eta depresinoak sortzen dira.
     
    "Jagoteko modua aldatzea da helburua, egoiliarrengana hurreratzeko modua, alegia. Azken batean, gure edadekoen atentzinoagaz zerikusia daukien arlo guztiak are gehiago gizatiartzea da xedea. Horretarako, behargin guztiek ahalegin handiagoa egin eta atentzino handiagoa eskeini behar badabe be, emoitzak oso agirikoak dira, baita egoiliarren gogobetetasuna be", azaldu dau Naiara Zamalloak, Arratiako Egoitzako zuzendariak.