Albisteak

 

 

Azaroaren 11n eguaztenean, arrastiko 19:00etan aurkeztuko da Arratiako Altxorra jokoa Zeanuriko Udaleko batzar aretoan.

Jolas hau ez da antzarra jokoa, baina badauka antza; ez da tribiala be, baina badauka antza. Bertokoa izan ala kanpotik etorri, umea izan edo jubilatuta egon, Arratia barru-barrutik ezagutzeko aukerea emoten dau: mendiak, herriak,  ermitak, musika, kirola, literatura… erakusten eta irakasten dauz Arratiako Altxorra deritxon jolas honek.


 Lehenengo edizinoa 600 jokokoa izango da eta bakotxean 300 galdera-erantzunetik gora batzen dira; dadoakaz jolasten da eta Arratiako 12 txartelak eskuratu behar dira jokoa irabazteko.

Egileak asko izan dira, euren artean aitamen berezia merezi dabe Zeanuriko gazte talde batek eta Manu Etxebarria zeberioztarrak. Diseinu lanak Javier Lacalle Laka artista zornotzarrak egin ditu.

Arratiako Altxorraren edizinoa eta zabalkundea posible izan da honako erakundeen laguntzari esker: Arratiako Udalen Mankomunidadea, eta Areatza, Artea, Bedia, Dima, Lemoa eta Zeanuriko Udalak.

Azaroaren 11n, Zeanurin egingo dan aurkezpen ekitaldian jokoaren nondik norakoak plazaratzeaz gain, Arratian bizi diran altxorren adierazpen ezbardinak  ikusteko eta gozatzeko aukerea be izango da: bertsoa, ipuina, koplak…

Jokoa erakunde laguntzaileen bitartez eta Arratiako parrokietan zabalduko da. Herrietako dendetan be erosteko aukerea izango da.