Albisteak

 

ARRATIA, GALDAKAO ETA AMOREBIETA-ETXANOKO ENPRESAK NEGOZIORAKO AUKERA BILA DABILZ ESKUALDEAN

Gandasegiko eskoletan, besteak beste, eraikuntza, zerbitzu, metalurgia eta ingeniaritza sektoreetako 30 konpainia eta ETE alkartu dira IV. Enpresa Topaketan.

Gaur, Gandasegiko eskoletan, Amorebieta-Etxanok, Arratiak eta Galdakaok osotzen daben eskualdeko IV. Enpresa Topaketea egin da, eta, bertan, enpresa asko alkartu dira, herri mailan eta inguru hurbilean negozioak sortzeko aukerak handitzeko asmoz.
 
Arratiako Mankomunitateak eta Galdakaoko Behargintzak bultzatutako jardunaldi honek inguru bereko 30 enpresa lehenengoz alkartzeko aukerea emon dau; modu horretan, alkar ezagutzeko eta etorkizunean lankidetzan aritzeko modu errazagoa egongo da. Parte-hartzaile bakotxak bere burua aurkezteko aukerea euki dau; gero, bere negozio unidadea eta plan estrategikoak azaldu dauz eta bakotxak bere merkatuarentzat interesgarritzat jo dauzen enpresakaz hartu-emonetan hasi da.
 
Besteak beste, Ekoleds, Batz, Comecaran, Ormaurre, Eulen eta Ilunbe S.A. enpresek hartu dabe parte enpresen topaketa honeetan, eta topaketek pizten daben interesa bermatzen dau horrek , izan be, egoera honetan, negozioak egiteko formula barrien bila dabilz. Aurreko edizinoetan, 80 enpresatako 150 lagunek baino gehiagok esperientzia hau konpartiduteko aukerea euki dabe, eta ekimena sano modu positiboan balorau dabe; horri esker, 400 topaketatik gora egin izan dira parte-hartzaileen artean. Topaketan honeek egon dira: Josu Ocariz, SPRIko Berrikuntza eta Enpresa Eraldaketako zuzendaria; Aitor Sorriketa, Arratiako Mankomunitateko jarduneko presidenteorde eta Bediako alkatea, eta Fernando Izagirre, Galdakaoko Udaleko Merkataritza eta Tokiko Komertzioko zinegotzia.