Albisteak

 

EUSKO JAURLARITZAK ETA BAGABILTZA FUNDAZIOAK, ARRATIAKO MANKOMUNITATEAGAZ LANKIDETZAN, HELDUEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA ETA IKASKETARAKO ZERBITZUA IPINI DABE MARTXAN  

•Mankomunitatearen egoitzan eskainiko da, apirilaren 27tik aurrera, astelehen eta eguenetan, 16:00etatik 19:00etara.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lankidetzagaz eta finantziazinoagaz, Bagabiltza Fundazioak ikasketarako bitartekaritza-zerbitzua eskainiko dau, Arratiako persona helduen gaitasuna hobetzeko asmoz.
 
Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Bagabiltza Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe, ikasketa-prozesu baten bila dabilzan eta holako prozesu bat hasi gura daben persona guztiei zerbitzu hori eskaintzeko. Batez be, gizarte-bazterketa egoeran dagozanei dago zuzenduta, bereziki emakumeei, etorkinei, euren trebakuntza hobetu eta eguneratu gura daben beharginei, eta, orokorrean, euren aukera personalak eta garapen-aukerak hobetu gura dabezanei, trebetasunak, abileziak eta ezagutzak handituz.
 
Trebakuntza-eskaintzaren barruan, hainbat ikastaro emongo dira: uriko ortu ekologikoak, joskintzea, arropen birziklapena, patchworka, menpeko personen zaintzea instituzinoetan edo etxean, informatikea, solfeoa eta musikea, altzarien birziklapena eta zaharbarritzea. Modu horretan, Arratiako persona helduei babesa emongo jake, euren itxaropenei egokitutako jarduerea edo prestakuntzea aukeratzeko orduan, inguruko beharrizan konkretuak identifikatuz eta, topautako gabezien arabera, ikastaro espezializaduak diseinatuz.
 
Doako zerbitzu hau Mankomunitatearen egoitzan eskainiko da (Elexalde 43, Igorre), apirilaren 27tik aurrera, astelehen eta eguenetan, 16:00etatik 19:00etara.
 
ARRATIAKO IKASKETARAKO BITARTEKARITZA-ZERBITZUA
655426404
bagabiltza.arratia@gmail.com