Albisteak

 

Europako Funts Sozialak finantzautako zentroak lana eskatu daben 77 persona artatu dauz, hiru hilabeteko tartean.

 
Lanbidek Arratian daukan lehenengo Enplegu Zentroa Artean dago, eta zerbitzuak emoten deutsez eskualdean lana eskatzen daben personei. 2014ko zemendiaren 14tik, egun horretan ipini zan-ta martxan, 77 lagunek erabili dabe zerbitzu hau. Horreetatik asko Dimakoak eta Igorrekoak dira, 40 eta 55 urte artekoak. Gero, Arantzazu, Lemoa eta Areatzakoak datoz.
 
Bulegoa zabaldu zan arte, arratiarrek Amorebieta-Etxanoko Lanbideren bulegora joan behar eben derrigorrez, lanerako prestakuntzea eta orientazinoa jasoteko. Orain, zerbitzuak handitu eta Arratiara hurreratu dira; momentuz, astean egun baten, barikuetan, Artean hain zuzen be. Lanbideren sarean sartuta dagoan eta Europako Funts Sozialak finantzau dauen Arratiako Enplegu Zentroaren Zerbitzuak autokonsultarako, enplegua bilatzeko eta prestakuntzarako espazioa eskaintzen dau, orientatzaile baten babesagaz. Lanbidetik deribautako personei zein inguruko langabeei dago zuzenduta. Gainera, Orientazino Berezi eta Orokorreko Zerbitzua be eskaintzen da, bazterketa egoeran edo egoera horretara heltzeko benetako arriskuan dagozan kolektiboei eta laneratzeko laguntzak jasoten dabezan iraupen luzeko langabeei zuzenduta. Zerbitzu berezi horreek Sartu Kooperatiba erakunde espezializaduaren bitartez eskaintzen dira.

 
Bulegoa Arteako Kultur Etxean dago, eta barikuetan emoten jako arretea jenteari, 08:30etik 14:30era. Martitzenetan, gainera, orientazino berezia eta orokorra eskaintzen da. Zerbitzu honeek erabilten dabezanek –modu aktiboan lana topetan dabilen eta lanerako edadea daukan edonor– aurrez izena emonda egon beharko dabe, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan eten-egoeran edo alta emonda, egoera administratiboari jagokonez