Albisteak

 

• Ekintzaile barriek merkataritzaren, eraikuntzaren eta on-line erako bitartekaritzan oinarrituko dabe euren jarduerea, besteak beste.

• 17 negozio-ideien gainontzeko proiektuak epe laburrean ipiniko dira martxan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak autoenpleguaren inguruan sensibilizau, prestatu eta babesa emoteko asmoz martxan ipinitako Arratiako Eskualdea Berraktibetako Planak, 2015eko zezeilean, 14 proiektu barri daukaz, eta proiektu horreek enpresa-ibilbideari ekingo deutse laster. Ekimen horreetako jarduera-sektoreak merkataritzeagaz (liburu eta paper dendea, bigarren eskuko autoak, elikadurea, delicatessen produktuak eta loradendea), eraikuntzeagaz (ezkaratzeen eta komunen konponketa osoa, konponketa orokorrak), ikus-entzunezko produkzinoagaz, on-line erako bitartekaritzeagaz, dantza-aretoakaz, argazkigintzeagaz eta social media erako enpresen aholkularitzeagaz dagoz lotuta. Proiektu horreen sustatzaileak bost andrazko eta bederatzi gizonezko dira; hain zuzen be, Arantzazukoak (3 persona), Bediakoak (1), Dimakoak (3), Igorrekoak (3), Lemoakoak (2), Ubidekoak (1) eta Zeanurikoak (1), eta enpresak haranean bertan ipiniko dabez.
 
Plan honen helburua da Arratiako lan-merkatuan barriro sartzeko zailtasunak daukiezan 45 urtetik gorakoei, gazteei eta iraupen luzeko langabeei emondako laguntzea fokalizetea. Urriaren 15ean amaitutako trebakuntza-aldi baten ostean, interesdunek ideiak, negozio-planak eta bideragarritasunak aurkeztu ebezan. Trebakuntzako lehenengo fasean jasotako laguntzea 1.050 €-koa (350 € hilean) izan zan, eta enpresea martxan jartzeko orduan, barriz, 5.000 €-koa. Datozen hilabeteotan zehaztuko dira aukeratutako beste 33 proiektuak. BFAk Ekonomia Sustatzeko Sailaren eta DEMA foru erakunde publikoaren bitartez egin dauen inbersinoa 165.000 eurokoa izan da. Arratiako Eskualdea Berraktibetako Plana garagarrilaren 1ean aurkeztu zan Arratiako Udalen Mankomunitatearen egoitzan, Igorren.