Albisteak

 
  • Maiatzaren 30ean, barikuan, jente guztiarentzako aurkezpen-ekitaldia egingo da irakasle adituakaz

Kirola, osasuna eta turismoa. Hiru berbok Areatzako Udalak bultzatutako eta Osakidetzaren laguntza ekonomikoa duen proiektuaren erakusgarri ezin hobeak dira. Nordic Walkinga Europako iparraldeko herrialdeetan sortu zan 30eko hamarkadan, iraupen-eski ospetsuaren udako osogarri moduan. Gero eta onarpen handiagoa dauka kirol-jarduera moduan, eta “atxakia aparta” da naturan bertan ariketa anaerobikoa egiteko.

Diziplina honetarako diseinautako pare bat makilen eta erraz ikasten dan urrats-teknikearen bitartez, Nordic Walkingek gorputzeko goi-atala lantzeko aukerea emoten dau; eta, horren ondorioz, gorputzeko giharra-moltsoen %90. Horrezaz gainera, martxa arruntean baino kaloria gehiago erreten badira be (%40 gehiago), ez da hain nekagarria. Are gehiago, artikulazino eta hazurretako eragina eta estresa be gitxitu egiten dira. Ezaugarri horreek kontuan hartuta, Nordic Walkinga osasunerako diziplina ezin hobea dala esan beharra dago.

Nordic Walking zentroetan, kirol-diziplina hori bateratuko da atari zabaleko azpiegitura publikoen sareagaz. Nordic Walking zentro bakotxean, ibilbideari eta teknikeari buruzko informazino-gunea egongo da, baita paperezko eta on line mapak be. Ibilbideak talde teknikoak homologau dauz, eskakizun fisikoaren mailearen arabera dagoz sailkatuta eta behar besteko seinaleak jarri dira bertan.

Areatzako Nordic Walking Zentroak zailtasun-maila desbardineko 4 ibilbide eskainiko dauz, eta 24 kilometro dagoz seinaleztatuta. Sarearen web orrian (www.nordicwalkinggunea.net), gainera, honakoa be badago ikusgai: informazino guztia, bajatzeko moduko mapak, ibilbideen azalpenak eta Google Play Store bidez bajatu daitekean Androiderako App mobila.

Maiatzaren 30ean, barikuan, ekimena aurkezteko ekitaldia egingo da, eta auzoko zein interesdun guztiok zagoze konbidauta. 17:00etan hasiko da ugerlekuetan, eta gura dabenek nordic walkingerako hasiera-ikastaroan parte hartu ahal izango dabe irakasle adituagaz. Edade eta jente guztiarentzako ikastaroa doanekoa izango da, eta makilak hartu ahal izango dira maileguan. Bertan parte hartu gura izan ezkero, aurretiaz nwgunea@nordicwalkinggunea.net e-postan edo 945010948 telefonoan izena emon besterik ez dago.

Ikastaroa 18:30ean amaituko da ugerlekuetan, eta, ostean, Josu Basozabalek, Areatzako alkateak, eta Nordic Walking Zentroen Sareko ordezkariek Areatzako Nordic Walking Zentroa edegiko dabe. Jente guztiarentzako aurkezpen-ekitaldia izango da. Kirol-modalidade hau modu dibertigarri eta osasungarrian ezagutzeko aukerea.