Albisteak

 

  • Proposamenak Eudel-ek adierazitako erizpideak jarraitzen dauz eta Gobernu Batzordean aurkeztu da.
  •  

 

Arratiako Udalen Mankomunitateak Bizkaian indarrean egon daitekeen lehenengo Bardintasun Ordenantzea euki ahal dau abenduko Osoko Bilkuran proposamena onartuten bada. Arau hau egiteko, Eudelek argitaratutako gidan adierazitako erizpideak erabili dira, eta bere helburu nagusia Bardintasunerako eta Esku-hartzerako egiturak sortzea izango da; esate baterako, generoko ikuspegia sartzea Mankomunitatearen eguneroko jardueretan: hizkera eta irudi ez-sexistak, generoaren araberako datuen sailkapena, ordezkaritza parekidea, bardintasun klausulak eta genero ikuspegidun aurrekontuak.

Gainera, ikastetxeakaz batera landutako hezkidetza-ildoak eta sexu-eskubideak ezarriko dauz, eta emakumeenganako indarkeriagaz lotutako gai guztiak be jorratuko dauz, prebentzinorako, sensibilizazinorako, koordinazinorako eta arretarako protokoloaren ardatzak zehaztuz.

Mankomunitateak Eudelen bardintasunerako ordenantzen garapenerako talde sustatzailean hartu dau parte; talde horretan beste sei udal eta bi mankomunidade be egon dira. Euskal Autonomia Erkidegoan Bardintasun Ordenantza bakarra dago indarrean; Tolosan, hain zuzen be. Nafarroan, bat dago Orkoienen; Arratiako Udalen Mankomunitatekoa, aldiz, Bizkaiko lehenengoa izango da. Daborduko aurkeztu da Gobernu Batzordean, eta proposamenak eta ekarpenak batzeko epea zemendiaren amaierara arte egongo da zabalik. Abenduan, barriz, Osoko Bilkurara eroango da.

“Holango ekimenek izugarrizko garrantzia daukie. Herri Administrazinoetan, Bardintasunerako politiken barruan, garrantzitsua da estrategiak eta helburuak zehaztea, eta Ordenantza honek izaera juridikoko araudia daukanez, bere indar guztia emoten deutso protokolo eta bardintasun planak apliketako orduan”, azaldu dau Josune Gorospek, Arratiako Udalen Mankomunitateko presidenteak.

ZEMENDIAK 25

Zemendiaren 25ean EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA izango da, eta, egun horretarako aurreikusi diran jarduera guztiak koordinetako asmoz, Arratiako emakume alkarteak, talde feministak, udalak eta Mankomunitatea bera alkartu dira, kartel bateratua osotzeko. Jardueretako batzuk udalek antolatuko dabez, beste batzuk Mankomunitateak eta beste zenbait alkarteek: berbaldiak, dokumentalak eta "Beldur Barik Arratian" ekimenaren sari-banaketea egingo dira, besteak beste. Beste jardueretako batzuk batera antolatuko dira; esate baterako, zemendiaren 25eko konzentrazinoa edo Martxa Morea (zemendiaren 24an, domekan); azken hori emakumeenganako indarkeriaren aurkako oinezko paseoa da: Zeanuritik eta Bediatik urtenda, Diman amaituko da. Iaz, lehenengo edizinoan, jente askok hartu eban parte.

.