Albisteak

 


Arratiako Udalen Mankomunitateko udalerriek zerbitzu berri bat edukiko dute Koopera Gizarte Sarearen bitartez, lurraldeko berrerabilera indizeak hobetzeko. 11 edukiontzi instalatuko dira Arratiako bederatzi udalerrietan, gaur egungo ehunkien gaikako bilketakoak ordezteko. Herritarrek, aprobetxatu ahal dela uste duten guztia utzi ahal izango dute; jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak, etxeko gauzak, arropa, oinetakoak...

2013ko martxoaren 11a. Zenbat eta berrerabiltzeko objektu gehiago, orduan eta ingurumen-prebentzio handiagoa egingo da. Horrexek bultzatuta, Arratiako Udalen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerren bitartez, berrerabiltzeko edukiontzia ezartzeko kontratua sinatu dute. Koopera Gizarte Sareak berrerabilera sustatzeko edukiontzi berriaren ikerketa eta berrikuntza gidatu ditu, eta berak emango du zerbitzua.

Iosu Madariaga Ingurumeneko foru diputatuak azpimarratu duenez, ekimen horrek prebentzioko politika eraginkorra bultzatzen laguntzen du, "gizartean kontzientzia sortzearen alde egiten dugu, bizi estiloak aldatzearen eta kontsumo-ohiturak aldatzearen alde. Berrerabiltzeko edukiontzia "helburu horien alde aurrera egiteko modu eragingarria da". Europan ez dago honelako ekimenik, hondakinen ingurumen-prebentzioaren arloan. Ingurumeneko foru diputatua pozik agertu da. Izan ere, Hondakinak Kudeatzeko Plana garatzearI esker, planean tresna gisa diseinatu diren jarduera eta azpiegiturekin, "Bizkaian sortzen den zaborraren % 74 aprobetxatu egiten da era materialean edo energetikoan".

Arratiako bederatzi udalerrien ezaugarrietara egokitutako zerbitzua

Edukiontzi berria udalerri hauetan ezarriko da: Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre (2 edukiontzi), Lemoa (2 edukiontzi), Ubide eta Zeanurin. Aldundiak emango duen zerbitzu horrek aurrezki nabarmena ekarriko die Udalei. Bizkaiko Foru Aldundia zerbitzuaren kudeaketa antolatzeaz arduratuko da, eta zerbitzua GARBIKER sozietate publikoak emango du. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako zerbitzuaren prezioa 65 euro gehi BEZ izango da tona metriko bakoitzeko (prezio publikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Dekretu bidez zehazten da).

Bilketa egiteko, udalerriko bizilagun kopurua eta ordura arte bildutako ehun-hondakinen kopurua kontuan hartuko dira. Hala, Arantzazun, Artean eta Ubiden hilean behin bilduko da, Bedian eta Diman hamabost egunean behin, eta Areatzan, Igorren, Lemoan eta Zeanurin edukiontzian utzitako gauzak astero bilduko dituzte.

Hauek dira edukiontzien kokalekuak:

 

 

Udalerria

Helbidea

ARANTZAZU

ERREPIDE NAGUSIA – BUS GERALEKUAREN ATZEAN

AREATZA

PARKEA, ELIZAREN AURREAN

ARTEA

UDALETXE AURREAN – OLIO ETA BEIRA EDUKIONTZIEN ONDOAN

BEDIA

APARKALEKUA, UDALETXE ONDOAN

DIMA

PILOTALEKU ONDOAN – TURISMO BULEGOA

IGORRE

LEHENDAKARI AGIRRE - KULTUR ETXEAREN AURREAN

BATZ BIRIBILGUNEA- DIMARAKO ERREPIDEA

LEMOA

 

ELIZA – GAIKAKO BILKETARAKO GUNEAREN ONDOAN

UDALETXE AURREAN – GAIKAKO BILKETARAKO GUNEAREN ONDOAN

UBIDE

BATZOKIAREN ATZEAN

ZEANURI

PILOTALEKUKO IGOERA – GAIKAKO BILKETARAKO GUNEAREN ONDOAN

 

 

Besteak beste Rezikleta Sozietate Kooperatiboak eta Cáritas Bizkaiak osatzen duten Koopera Gizarte Sareak esperientzia pilotu hori 2011ko martxoan jarri zuen abian Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatean (Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopelana eta Urduliz), Getxon eta Santurtzin. Beraz, Aldundiak zerbitzu hori Bizkaiko gainerako aldeetara hedatzearen helburua betetzen jarraitzen du, berrerabileraren arloan helburu berriak lortze aldera.

Eredu berritzailea da, leheneratutako arroparen soluzio orokorra planteatzen duelako. Prozesua Bilketarekin hasten da, Mungian dagoen Manipulazio eta Tratamendu Gunean jarraitzen du, eta geroko salmentan amaitzen da.

Arratiako Udalen Mankomunitateko presidente Josune Gorospek azaldu duenez, "arroparen eta beste material batzuen birziklapen eta berreskurapenaren alde egiten da, bai enplegua sortzeko, bai hondakinak murrizteko, bai beste herrialde batzuetako lankidetza proiektuak babesteko, gure artean bizi diren behartsuenez ahaztu barik".

"Guztirako" edukiontzia

Edukiontzi hori berrerabilera sustatzeko edukiontzia izango da, herritarrek aprobetxatu nahi duten "guztia" berriro ere erabili ahal izateko, dagokion tratamenduaren ondoren.

Edukiontzian, hainbat gauza sartuko dira: jostailuak, liburuak, etxetresna elektriko txikiak, gailu elektronikoak, etxeko gauzak, arropa, oinetakoak... Artikulu horietako batzuek hondakin ugari sortzen dituzte (esaterako, gailu elektronikoak), eta, askotan, ohiko zaborrontzira botatzen dira; bada, hemendik aurrera egoki kudeatuko dira ingurumenari dagokionez.

Sakelako telefonoek, lapikoek, panpinek, lanparatxoek, liburuek, lisaburdinek, prakek... eta erabiltzen ez dugun eta leku-arazoa sortzen digun guztiak izango du bere lekua gure etxetik oso hurbil.

Gainera, edukiontziak aukera emango die Udalei espazio publikoa hobeto kudeatzeko; izan ere, ez da beharrezkoa izango edukiontzi bat gauza bakoitzerako, eta, gainera, gaur egungo ereduarekin bateragarria da.