Albisteak

 

Arratia bostgarren edukiontzia martxan jarri dauen lehen eskualdea da Bizkaian.
Arratiako Mankomunidadeak “Zaindu gure lurra, marroia erabili” lelopean landara eta
barazki jatorria daben hondakinen bilketa zerbitzu barrian parte hartea susteteko
abiautako informazino kanpainak 1500 familia baino gehiagoren atxikimendua lortu
dau.

Mankomunidadea baikor azaldu da lehenengo emaitzekin. Izan be, bi hilebeteko epean
1500 familia baino gehiagoren atxikimendua lortu baitau. Horrez gain, leitekena da zifra
hau ondorengo hilebeteetan gora egitea. Izena emon daben familiek 10 litroko ontzia,
150 boltsa biodegradarri eta kalean jarri diran edukiontzi marroiak edegiteko giltze
bana jaso dabe.

Bilketa datuei jagokonez, astez aste batutako kilo kopurua handitzen joan da eta
zerbitzuak 11.000 kilotik gora bildu ditu bere lehenengo hilebetean. Kanpaina ekoizle
handiekin amaituko dala kontuan hartuta, aitatutako kopuruak gora egin dezake
nabarmen. Zerbitzu honegaz zabortegira doan hondakin kopurua gitxitu, ingurumenari
kalte gitxiago egin eta kostu ekonomikoa txikitzea lortu da.

Hemendik aurrera Arratiako Udalen Mankomunidadearen lehentasuna, atxikimentu
gehigo jasotzeaz gaine, ekoizle handiengana (supermerkatuak, frutadendak, jatetxeak,
okindegiak, hezkuntza zentruak, etab.) eta ostalaritza dendengana zuzendutako
kanpaina amaitzea izango da. Ekoizle handiek beren beharrizanen arabera edukiera
ezbardineko ontziak jasoko ditue.

Zerbitzu barri honetan izena emon nahi daben personak eta familiak
Mankomunidadera hurbildu daitekez izena emon eta materiala jasotzera, goizeko
8.00etatik 15.00etara. Horrez gaine, beren udaletxeetara jotzeko aukera izango dabe,
bulego orduetan. Igorreren kasuan izen emotea eta materiala jasotzea
Mankomunidadeak Elexalde kalean dauen egoitzan egin behar da nahitaez. Bediako
bizilagunak arratsaldez liburutegira jo dezakete izena emotera eta materiala jasotzera.

Arratiako Udalen Mankomunidadeak zerbitzua ezagutzera emoteko abiautako
informazino kanpainak hiru hartzaile izan ditu: Arratiako familiak eta tabernak, ekoizle
handiak eta Arratiako ume eta gazteak. Ume eta gazteen esku hartea sustau asmoz
lehiaketa bat antolatu da. Lehiaketak argazkigintza, marrazketa, idazlana eta tweet
lehiaketa batean parte harteko aukera eskaintzen zeban eta urtarrilen 31an amaitu zan
lanak auzkezteko epea. Saritutako lanen artean Arratiako Udalen Mankomunidadeak
12 tablet banatuko ditu.

Bostgarren edukiontzia Bizkaiko Forua Aldundiak bultzatutako Bizkaiko Euri
Hondakinen Aurrezaintzarako Plana 2010-2016 eta Bizkaiko Euri Hondakinak
Kudeatzeko II. Plan Integralaren barruan kokatzen da. Bigarren plan honen xede
estrategikoetako bat ezer ez isurtea da, horretarako Bizkaian sortutako uri hondakin
primario edo "gordin" guztiak aurretiaz tratatuz.