Albisteak

 

Arratiako Udalen Mankomunitateak emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako konpromiso sendoa du. Horren adibide, esku hartzen duten erakundeen (Ertzaintza eta Osakidetza) arteko Protokoloa da, indarkeria bizi duten emakumeei arreta hobea emateko onartu zena. Ildo horretatik, eta prebentzioa eta sentsibilizazioa ere lantzeko, Arratiako Udalen Mankomunitateak Baliabideen orria prestatu dau, Arratiako etxe guztietara bidaltzeko, denok izateko indarkeriari aurre egiteko baliabiden berri.

 

Gidaren helburua informazinoa ematea da, batez ere baliabide telefonikoen gaineko zenbakiak, indarkeriazko egoeratan, ez delako bat ere erraza izaten inora joatea, lotsa ematen duelako, zer esango dutenaren beldurra... Hori dela eta, ezinbestekoa da telefono bidezko baliabideak azpimarratzea.

Informazino orrian hiru telefono agertzen dira, bata larrialdi egoeratan erabiltzekoa, 112 telefonoa, eta beste biak ere oso baliabide garrantzitsuak: batetik, 900 840 111 telefonoa, 24 ordukoa, dohakoa eta konfidentziala, emakumeari entzun eta informazioa ematen diona, eta, bestetik, Arratiako Udalen Mankomunitateko telefonoa
 (94 631 17 17), indarkeria kasuetako dauden baliabide guztien barri eman eta emakumeari arreta osoa eta pertsonalizatua eskaintzen diona. Baliabideen inguruko informazioa emateaz gain, gidan emakumeen aurkako indarkeria zer den, zergatik ematen den eta zein mota dauden azaltzen da, herritarrek indarkeria sexistaren ezaugarriak hobeto ezagutu eta indarkeriari aurre egiteko orduan, prebentzioa eta sentsibilizazioa indartzeko. Informazino orria etxeetara bidali ostean, toki hauetan be egongo da eskuragarri: Mankomunitatearen egoitzan (Igorren), osasun zentroetan, udaletxeetan, kultur etxeetan, hezkuntza zentroetan eta informazioa zabaltzen lagundu dezaketen tokietan.