Lehen edizinoa

Lehen edizinoa

Egitasmoa, 1999. urtean jaio arren, paperezko lehen argitalpena ez zan 2000-2001 ikasturtera arte egin. Hasierako ideia izan zan, eskualdean galtzeko arriskuan dagozan berbak batzea, eta eurotarik gaurkotasuna daukienak eta erabilgarri diranak promozionatzea.

Bertokoa dan hiztegi corpus bat egitea pentsau zan, ikaslearentzat kontsultagarri be izan leitekelakoan. 2001-02 ikasturtearen hasierarako, lehen berba zerrendea prestau genduan (1.437 berba). Zerrendea osatzeko abiapuntua mendebaleko euskalkian argitaratuta egozan berba-zerrendak izan ziran (Mendebalde Alkartearena, berbarako).

Berba guztiak batu eta zerrenda bakarra argitaratu eta ikasleen artean banandu genduan. Jaiota egoan jada gure lehen hiztegi interaktiboa!

Bigarren edizinoa

Bigarren edizinoa

Honen ostean, beti be ikasleakaz eurokaz, eskuartean geunkan edizinoan falta ziran berbak topeteari ekin geuntson herri, auzune, etxe eta bazter guztietan. Berehala ohartu ginan hainbat eta hainbat ez zirala agertzen ohiko hiztegietan. Ez Azkueren Hiztegian ezta L. Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia bilduman be.

Holan, proiektua gero eta zabalagoa egiten joan da. Zabala denporan, urtebete baino epe askoz luzeago bati begira dagoalako. Eta zabala espazioan, institutuaren mugak gainditzeko helburua be badaukalako "Geure Berbategie" proiektuak. Proiektuan parte hartzen hasi ziran ikasleek, institutua itxi ostean be, laguntzen jarraitzeko aukera euki eien, posta elektronikoa erabiltea pentsau genduan: geureberbategie@euskalnet.net helbidera bialtzen dabez ikasle ohiek zein beste edozeinek be eurek aurkitutakoak.

(1) Ik. J. Rekalde. (2003). Ahozkotasuna aztergai, Mendebalde Kultura Alkartea, 146.-152. or.

Hurrengo informazinoa eskatzen jakie kanpoko laguntzaileai, falta dan berba bat aurkitzen dabenean:

  1. Berbearen izena.
  2. Esanahia, adibide eta guzti.
  3. Informazinoaren iturria.

Ikasturte horren amaierarako (2000-01), paperezko bigarren argitalpena kaleratu genduan. Baturiko berbak 1.830 izan ziran.

Hirugarren edizinoa

Hirugarren edizinoa

Proiektua koskortzen joian, eta hirugarren edizino honetan, posta elektronikoari esker biderkatzen hasi jakuzan kanpoko kolaborazinoak. Horrezaz gain, euskalkiaren tradizino literarioaren altxorretik be hasi ginan edaten, gorago azaldu danez. Holantxe, 2001-02 ikasturteko edizinoan baturiko berbak 2.700 izatera heldu ziran.

Zenbat eta gehiago arakatu herriaren ahozko jakintzan, altxorra aberastuz eta aberastuz joan da. Ikasleek berbakaz batera, hainbat esakera, lokuzino, e.a. be ekarri izan dabez. Eurotariko hainbat egundo batu bakoak dira.

Interesgarri eretxi geuntsan leku eta baserri-izenak batzeari be. Baina zerrendea amaibakoa litzatekenez, erabaki zan bakarrik sartzea gaur egun daukien ahoskerea eta euren antzineko idatzizko formea ezbardinak zituenak.

TOPONIMOAK sailean dagoz batu diran 110 toponimo eta oikonimoek (baserri- eta etxe-izenak). Hiztegia lantzeko eta fonetikaren nondik-norakoak aztertzeko be balio deuskue; adb.: Anea <Aranea, Angun < Aranguren, Uxar < Uriza r...

Jokabide berari eutsiz (gaur eguneko formea eta antzineko ahoskerea bat ez dabenak jasoz) ONOMASTIKOAK saila be hasi genduan, gure aitita eta amamen izenai be falta eben duintasuna emoteko helburuz. 42 batu ziran. Adb.: Kaxinto, Zifriano...

Eskuartekoa

Ahozkotasunari garrantzia emon ahala, beste hainbat atal barri zabaldu beharko geunkezala pentsau genduan. GATXIZENAK, adibidez. Hizkuntzaren gatza eta piperra aztertzeko bide zoragarri legez jo izan dogunez, batzeari ekin deutsogu. Hemen adibide pare bat:

  • Melaxo. Goxo-goxo berba eginez, dana lortzen dauelako.
  • Poxporo-kaja. Ezer garrantzitsu gordetako balio ez dauen kutxa. Horrexegatik, sekretuak gordetan ez dakienari esaten jako. Kontakatilu edo kuxkuxeroari.
  • Trinko. Trikitixa joten ikasten lortu ez ebalako.

ONOMATOPEIAK be batu eta promozionatzekoak dira.

Gazte-gaztelania arteko menpekotasun-joera horren aurkako saioa GAZTE BERBETEA deitu dogun saila da. Bertan eurentzat jatorrak diran lokuzino, esakera, e.a. batu eta bultzatuko dira. Ondo eta txarto dagoana (kalko semantikoa) bereizten ikastean, egon leiteke morrontzaren aurkako antidotoa. Adibidez:

  • Txintxilintxontxi. Mutil edo neska politari esaten jakie.
  • Lebatza balitikok! Pertsona lodi bati buruz erabiltzen da.
  • Kakea emon. Astuna izan. Gazte konexinoa lortu gura bada, jarrera purista edo garbizaleegiak be baztertu egin behar dira.

Gure artean funtzionau izan daben topiko batzuk baztertuta egon behar leukie honezkero: euskeraz ez dagoala irainik edo txorigorririk. Guzur horren froga J. Aurkerena, C. Garcia eta J. Zelaiaren Irainka liburua (1999) dogu. Gu gure aldetik, txorigorri eta irainak batzen be ahalegindu gara.

Bilaketa

Iniciar la búsqueda