Noticias

 
 

Arratiako Udalen Mankomunitateak, Galdakaoko eta Amorebieta-Etxanoko administrazinoek apustu irmo eta sendoa egin dabe, inguruan modu bateratuan enplegua sustatzeko. Lehenengo analisia eta diagnostikoa Usansolon aurkeztu da, bertoko alkate, enpresa eta erakundeen aurrean. Bertan, inguruak daukazan ahuldadeak eta sendotasunak nabarmentzen dira. Ahuldadeen artean dagoz populazinoa zahartzeko arriskua, lehen mailako sektorearen ahulezia, Enplegu Erregulazinoko Espedientearen egoeran dagoan enpresa-kopuru handia edo saltoki itxien konzentrazinoa, besteak beste. Eskualdeak aldeko puntuak be badaukaz; esate baterako, bertako populazinoaren ikasketa maila (ertaina-altua), biztanle bakotxeko batez besteko BPG (Bizkaikoa baino altuagoa) edo industrialdeetan eskuragarri dagoan lurzoru industriala. Txosten hau oraindik garatu beharra dago, eta dirulaguntzak lortu eta elkarlanak gauzatu. Halanda be,  epe ertainean garatu beharko diren ekintzak eta ezarri beharreko neurriak nabarmentzen dauz. Besteak beste, nabarmentzeko modukoak dira Enplegu Erregulazinoko Espedienteek kaltetutako langileentzako laguntza-zerbitzua, langabeak trebatzeko tailer eta ikastaroen deialdia, edo enplegurako behatoki bat sortzea. Tresna honek enpresen beharrizanak antzemateko balioko dau; hau da, jakiteko zelako langileak behar dabezan. Modu horretan, langabeak bideratu egingo dira, lan-merkatuan barriro koloketako daukiezan aukerak handitu ahal izateko. Aurkeztu dan testuak lau neurri zehatz proposatzen dauz, aurrera egin ahal izateko: eskualdean trebakuntza-eskaintza lehiakorra garatzea, enpleguaren babesera eta sustapenera zuzendutako eskualde mailako kolaborazino-sistemea artikuletea, ekintzailetza sustatzea eta eskualdean garapenerako potentziala daukien sektore ekonomikoetan (adibidez, zerbitzu sektorea eta lehen mailako sektorea) enplegua sustatzea. Produktu ekologikoak ekoiztea, mendi publikoetako larreak aprobetxetea (batez be, Arratia inguruan) eta aisialdira bideratutako jardueren bitartez enplegua sortzea dira planeko proposamenetako batzuk. Azken finean, holako planakaz, eskualdea enpleguaren sorrerearen "eragilea" izatea gura da, Debagoienaren moduan. Bidea hasi barri da, baina emaitzak badauz. Plan bat, gidoi bat, badau.